Ikastaldi on!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2018ko ira. 20a, 02:00

Aurtengo maiatzaren 25a zen, Maule-Lextarreko Baitha gelan. Johañe Etxebestek  erronka itzel bat zuen: Maule-Lextarreko kolegioetako ikasle erdaldunak euskara eta euskal kultura mundura erakartzea uztaila eta abuztuan eman den Belako Zaldüna pastoralaren tiradizoa baliatuz. Zuzenean ikusten izan nintzen.

Bospasei urtetik hasi eta hamabost-hamasei urte arteko ikaslez eta hauen irakaslez betea zegoen 300 aulki inguru dituen aretoa. Emanaldiak ia ordu eta erdi iraun zuen; maisu-maistren shhhhh bakar bat ere ez nuen entzun!!! Gurera ekarri eta ezinezko egiten zait hau irudikatzea.

Tragikomedia bat da pastorala eta nire inguruak dakarzkidan intuizioen baitan ez da gure haur eta gaztetxoek irensteko eta gozatzeko eskaintzarik errazena. Baina udan helduek eman zuten pastorala eman zuten beraien txikian; hurbilketa bat noski. Erantsi honi ikusle gehienek ez zekitela euskararik… Zuberoko kolegioak nolabaiteko gure A eta B ereduko ikastetxeak dira konparazio azkar batean.

Eta nola ikus dezake 9 edo 10 urteko gaztetxo batek hain emanaldi astun, luze, zaharkitu, soil, puru… bat ordu eta erdiz? Nola mantendu arreta? Zergatik zain egon? Nondik irrika eta gogo horiek? Nago gakoa ulertzean dagoela. Eszenan zer gertatzen den ulertzen denean, dena izan daiteke gutxi gehiago erakargarri, polit edo eder; ez badugu ezer ulertzen, asperdura dator. Pastoral bat egitea eta entzutea posible da (neuk zuzenean ikusi dut), baina egiteko, erakargarri behar du, eta erakartzeko ulertu egin behar da, eta ulertzeko jakin egin behar da. Eta jakiteko ikasi! Diziplina bakoitzak bere kodeak ditu, eta hauek errepikatuz, IKASI egiten dira. Iruditzen zait oraindik ere ikastea adinakorik ez dela asmatu ikasteko. Iturriaga durangarrak behin esan zidan bezala, egitea (sortzea) ez da esku-hartze zerutiar bat.

Galdetu egin nuen: ea nola jarrai zezaketen haur haiek pastoral hura. Maule-Lextarreko gaztetxo erdaldunek kodeak ongi ikasiak zituzten. Bazekiten noiz zen barrea, noiz txaloa, noiz tarteak, noiz jarraitzeko errepika, noiz entzuteko kopla, noiz oin-kolpez lurra jo, noiz hasten eta bukatzen zen agerraldi bat, noiz kantatu, noiz isildu, jauzien erritmoa, bazekiten Belako zaldunaren historiaren berri… Mikrofonorik gabeko emanaldi bat izanagatik, ez zen haririk galdu ordu eta erdian.

Gure garai hauetan maiz entzun eta hitz egiten dugu transmisioaren garrantziaz eta iruditzen zait ezinezkoa irudikatzen dugula adibidez Pello Errotaren historia kontatuko lukeen pastoral bat ematea (zer esan entzutea) gure gaztetxoek. Historia, antropologia, hizkuntza, geografia, dantza, kantua etab. transmititu, bizi eta gozatzeaz ari naiz. Uste dut gauzak ikaragarri infantilizatzen ditugun garaietan bizi garela eta oso erraz esaten ditugula honelakoak: gaztetxoentzat oso luzea zen, aspergarria zen, oso zaila zen, ez zaie interesatzen… Uste dut horiek ez direla sorburuko arrazoiak. Aitzitik gakoa lehen esandakoan dagoelakoan nago: ikasi ezean ez dela ulertzen!!! Maule-Lextarreko arizale eta entzule erdaldunen errealitatetik hain urruneko kontu bat izanik Belako zalduna, plazer asko sentitu zuten aretoko ikus-entzule erdaldunek eta gurean hori bizitzeko zailtasuna da behar bada gehien atsekabetzen nauena. Zenbat barre-karkara, zenbat txalo, zenbat asebetetze, zenbat erronka, zenbat sentsazio on, zenbat esker on!!

Horregatik, hainbeste pertsona berriro ikastera sartuko den garai honetan, denei, ikastaldi on! Zuen etxeko eta herriko izango bazarete, ulertu eta gozatu zuen herria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!