Gaur ez dago berriketarik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2013ko abe. 19a, 09:20

Lehengo batean, amona batekin hizketan aritu nintzen. Bera baserrikoa da eta baserriko lanei buruz ondotxo dakiena, bere laurogeita urte askorekin. Lehenago, kalean esnea nola saltzen zen aipatu zidan eta niri ere ez zitzaidan hain urrutikoa egiten, nire amak ere makina bat esne saldua baitzuen kalean etxez etxe. Hasi nintzaion azaltzen gaur ez zegoela orduko konturik, esne jetzi berria ere ezin zitekeela saldu pasteurizatu gabe, sanitatekoek ez zutela uzten. Ezin zuen buruan sartu halakorik. Posible al zen gauzak horrela izatea galdetzen zidan.

Gaur ez dago berriketarik. Orain dela gutxi gertatu zaigun kasua bezala: behi batek hanka hautsi zuen eta hemen inguruko ( Euskal Herriko) hiltegietan ezin zitekeela hil horrelako animali bat esan ziguten. Erraustera bidaliko zuketela eta gia baimendu duen albaitariari isunen bat jarri akaso. Sanitateko lege eta arauetan denok Europaren barruan egonda ere bada alde ederrik herrialde batetik bestera. Esne gordina herrialde gehienetan baimendua dago saltzea eta hemen ez esaterako. Hor ikusten da herrialde bakoitzaren borondate politikoa, gauzak errazteko garaian eta baita trabak jartzeko garaian ere.

Burokrazia gero eta jasangaitzagoa egiten ari zaigu. Animalien mugimendu guztien erregistroa eramaten dugu, egiten zaizkien tratamenduak ere apuntatzen ditugu, zein animaliari zer botika edo sendagai jarri zaion eta horren erregistro bat eramaten dugu. Ongarria, ximaurra edo purina non, noiz eta zenbat bota den, zer ematen zaien jaten animaliei eta erositakoa bada albaranak gorde. Behien instalazioen inguruko legedia ere bete beharrekoa da animalien ongizatea ziurtatzeko. Praktika egokien gidaliburua ere badugu beste arau eta betebehar mordoxka batekin. Esnea eramaten duten aldioro hartzen dute lagin bat zer kalitate duen ikusteko. Azkenean kontrola kontrolaren gainean. Aurtengo udan bezala: Jaurlaritzatik ikuskatzaile bat etorri zitzaigun ikuskapen batzuk egitera eta berarekin ministerioko beste bat etorri zen benetan ikuskapen hori egiten zuela konprobatzera. Ondo ez dagoen zerbait ikusi ezkero, diru-laguntzetatik deskontu bat egiten digute eta hurrengo urtean berriz ikuskapena, akatsak zuzentzen diren ala ez ikusteko.

Azkenekoa Osalaneko teknikari baten bisita izan da. Orain  baserriko lan guztien zerrenda prestatu beharra daukagu, lan bakoitzean egon litezkeen arriskuen inguruko balorazioa egin eta ekiditeko baliabideak finkatu. Makinaria eta lan tresna guztiak Europako legediren barruan daudela begiratu eta abar. Izenak ondo dioen bezala, hauek ere lana osatzera, lehen lau mila orduko lan urtea daukagun baserritarroi. Amonaren laurogei urteak harrapatzeko martxa kaxkarra. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!