Mendiko larreak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2012ko mai. 7a, 14:11

Euskaldunok badugu mendira joateko ohitura, gorputzari astinaldi bat eman, paraje ederrak ikusiz gozatu… Beharbada, batzuek jakingo duzue mendi hauetan egiten den lanari buruz zertxobait, gehiengo batek seguruenik ez. Dudarik ez dago gure kulturaren parte direla, eta gure gizartean garrantzia handia ematen zaiola gure inguruneaz ari garenean. Bada, abeltzainentzat ere beharrezkoak dira mendiak; batez ere artzainentzat, baina baita behorzale eta behizaleentzat ere. Ardi, behor eta behi hauentzat ez dago larre hoberik gure mendietakoa baino.

Gipuzkoan dauden mendiak bitan bana daitezke: batetik, mendi publikoak deitzen direnak (Aldundia edo udaletxeetakoak); eta bestetik, mendi partikularrak edota jabetza partikularra duten mendiak. Mendi publikoen kasuan, bertako larreen erabilera Mendietako Arau Foralaren bidez arautua dago, eta, 700 bat abeltzainek eramaten dute ganadua. Ganaduzale hauetatik asko eta asko bertatik bizi direnak dira, artzainak bereziki. Mendi publiko gehienetan ganaduzale elkarteak daude beraien arteko kudeaketa-lanak burutzeko; eta hiru mendi garrantzitsuenetan lan-taldeak ere bai (Aralar, Partzoneria eta Aloña mendi).

Mendi partikularretako kasua ezberdina da, baina hauetan ere ganaduzale mordoxka batek ateratzen dute bizimodua aurrera. Etxe ondoan daukagu adibide garbiena: Ernio mendia. Betidanik ezagutu ditugu artzainak Ernion, eta beraiei esker dauka paraje honek daukan xarma. Zoritxarrez, artzaintza ezinbestean utzi dutenen ondorioz, ganadu karga jaitsi egin da eta horrekin mendia zikintzen joan da azken urteetan. Momentu honetan bederatzi artzainek igotzen dituzte ardiak udan, baina ez da nahikoa eremu zabal hori txukun mantentzeko. Badira, ordea, artzain gazte batzuk Beterriko zonaldean mendi hau gustura hartuko luketenak. Honen harira, iaz egin zituzten garbiketa batzuk. Horrela esanda oso erraza ematen du, baina baditu bere zailtasunak. Lur partikularrak izanik, jabe guztiekin hitz egin eta adostasuna lortu behar da eremu zabal bat hartzen denean. Bestalde, garbiketak egin eta baliabideak jarri behar zaizkie ganaduzaleei ganadua hara eraman dezaten. Azkenik, ganaduzaleen arteko koordinazio lan bat egin behar da, urte garai ezberdinetan zein ganadu mota sartu eta nola larratu elkarren artean adostuz. Hori da azkeneko urte hauetan egin dena eta bultzatu duguna sektoretik. Oztopoak oztopo, uste dut egiten jarraitu beharreko lana dela, sektoreari adina bizitasun ematen diolako mendiari. Kontuan hartu behar genuke mendi hauetako asko Parke Natural izendatuak daudela, batzuk Guztion Intereserako Leku ( LIC ) izanik. Beste era batera esanda, ehunka urtetan mendi hauetan abeltzainek egindako lanaren ondorioz direla gaur direna eta lan horri begirunea zor zaiola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!