Lehen sektorea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2011ko ira. 6a, 10:53

Oraindik gogoan dut ehun pezeta euro batean jarri zeneko garai hura, edo bost mila pezeta berrogeita hamar eurotan. Denok esaten genuen bizimodua asko garestitu zela, eta maila batean behintzat, soldatak ere igo zirela esango nuke; sektore batzuetan behintzat bai. Urte oso onak joan dira, lana bazegoen eta lan baldintzak orokorrean txarrak ez. Baina hasi ginen entzuten Irlandako gorabeherak, gero Greziakoa, Portugal, Espainia, Italia… Eta orain Europako motorrak diren herrialdeak ere atzeraka hasiak direla dirudi. Euskal Herrian ere berdin, nork ez dauka ezagunen bat EREn, langabezian edota lantokian arazoekin? Orain ezin da lehengo mailarik mantendu, soldata eurotan kobratu nahi dugu baina lana pezetatan egin beharra dago. Horixe da lehen sektoreak betidanik bizi duen egoera. Esnearen prezioa bezala: hiru urte badira beherakada itsusi hura gertatu zenetik eta geroztik ez da zentimo bakar bat ere igotzen, kontua franko entzuten badugu ere. Lana merke egin beharra dago eta ordu asko sartu.

Egoeraren isla erakusten dute EUSTATek kaleratu berri dituen datuek. Euskal Autonomi Erkidegoko ustiategi kopurua ia %33 jaitsi da 1999tik 2009ra bitartean. Ustiategi hauek zuzentzen ditugun 40 urtez beherako gazteak berriz, gero eta gutxiago gara. Gehienak 40 eta 65 urte artean daude. Datu positibo bakarra emakumeen presentzia igo egin dela izan da, ustiategien buruen artean %31 izatera iritsiz. Grafikak ederki marrazten du goitik beherako marra zuzena diagonalean 10 urtetan zehar, eta ez dirudi buelta hartzeko itxura handiegirik duenik.

Baina hasi beharko dugu galdetzen: Hemen nekazaririk gabe, zer? Herri bat nekazaritzarik gabe, zer? Beste herrialde batzuetatik ekarri behar al da jatekoa? Eta ingurua, nork zaindu eta kudeatuko du? Instituzio publikoetatik ordaindutako langileek akaso? Uste dut badela garaia gai hau serio hartzeko, eta egoera politiko berri honetan lehen sektoreari garrantzia gehixeago ematea espero dut. Noski, borondate politikoa ezinbestekoa da sektoreko eragile ezberdinekin hitz egin eta ekintzak aurrera eramateko. Baina dirua ere behar da eta gure instituzioak diruz hustuta dauden irudipena daukat, alde guztietatik diru murrizketak egiten ari baitira. Hortaz, lehentasunak markatu beharko dira, zerbaitegatik dauka nekazaritzak lehen sektorearen izena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!