Salmenta zuzena

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2009ko ira. 16a, 12:55

Aspaldi honetan, maiz entzuten dira komunikabideetan salmenta zuzenari buruzko berriak. Kalean jartzen ari diren esne makinak, haragia poltsetan saltzen duten baserritarrak, internet bidezko hainbat produkturen salmenta…

Ez da harritzekoa, azken urteotan baserritarrok erabili ditugun salmenta moduak edo bideak huts egin digute. Hobeto esanda, merkatuaren globalizazio honek eta gutxi batzuen eskutan produktu askoren monopolioa edukitzeak kalte izugarria egin digu baserritarroi. Hor galdu dugu gure produkzio kostuak defendatzeko aukera, nahiz eta katean dauden beste guztiek merkaturatze kostua ez ezik, margen komertzial ederra ere atera duten.

Hor dago arazoa, zeren kontsumitzaileari nahikoa kobratzen zaiola uste dut (kalitatezko produktuetan behintzat). Hortaz, gure artean badira salmenta zuzena egiteko hautua egin dutenak. Eta ez pentsa oso erabaki erraza denik: batetik, gaur egungo baldintza sanitarioek inbertsio handiak egitea eskatzen dutelako. Bestetik, baserritarrarentzat beste lan bat gehiago delako, kasu askotan, beste pertsona baten soldata gaineratzen zaiolarik. Eta noski, denen kezka nagusiena bakoitzak behar duen produkzio guztia modu horretan saldu ezina da. Alegia, oso merkatu txikia daukagula oraingoz, nahiz eta pixkanaka gehitzen doan.

Azken finean kontsumo ohitura batzuk hartuak dauzkagu. Lehen herriko denda txikietan edo azoketan erosten zen bezala, orain supermerkatuak dauzkagu. Baserritar eta erosleen arteko tartea handituz joan da denborarekin eta produktuek freskotasunaz gain kalitatea ere galdu dutela uste dut, orokorrean. Honi buelta ematea oso zaila dela badakigu, baina orain arte trabak jarri dizkigun administrazio horrek asko lagun dezake. Gasteizen aldaketak egon dira eta gure aldarrikapenen berri badute, ikusiko dugu elkarlanerako asmorik baduten edo ez.

Hala ere, orain arteko bideetan jarraitu beharrean gaude gehienok. Gure produktuak elaboratu eta saltzeko sortu diren kooperatiba eta enpresa ezberdinetan ere badago zer hobeturik. Mundu mailako merkatu horretara begira lan egin beharrean, ez ote dago gertuko merkatu hori gehiago lantzerik? Bertako marken eta kalitatezko produktuen izenean dirua jaso badute, administrazioak ere esan beharko du bada zerbait? Zein babesteko erabili dira dirulaguntzak?

Hau idazten ari naizela entzun dut iparraldeko esne ekoizle batzuk esnea botatzen hasiko direla, Frantziako beste askorekin bat eginez. Horra arazoaren gordintasuna. Egoera politikak zuzentzen ez badu, ez dugu hemengo esnerik edango ezta bertako haragirik jango ere. Gustukoa duzuenok erosi zuzenean eta on egin!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!