Krisia?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2009ko urt. 20a, 17:30

Ez da giro azkenaldian. Diru aparrak harrapatu du nonbait bere gaina eta orain hasi da goitik beherakoa. Lantegi asko ateak ixteko zorian, langileen erregulazioak, soldaten konjelazioa, lanik eza… Orokorrean jendea oso kezkatuta ikusten dut nik eta badagoela uste dut kezkatzeko arrazoirik. Baserritarrontzat, ordea, hau ez da gauza berria. Aspaldidanik ari gara esaten nekazaritza krisian dagoela eta lehen sektorea etengabe ari dela langileak galtzen. Esaten dugu egunero dagoela bere jarduera uzten duen baserritarren bat eta ia inor ez dagoela sektore honi jarraipena emateko asmoarekin. Baina ba al da inor aintzakotzat  hartzen gaituenik?

Beti esan izan dugu gure arazo eta kezka horiek ez ote diren behar den  lekuetara iristen baina konturatzen gara gero eta gutxiago izatearen ondorioetaz. Bada, jakin ezazue oraingo krisi orokor honek beste ipurtzuloko bat eman digula eta egoera oso itsusi jartzen ari dela: behi esneak 11 zentimo (18 pzta) litroko egin du behera urtebetean, arkumea 4 euro kiloko egin ezinik eta behi haragia jainkoaren etxetik etorritakoa hemen kostatzen dena baino merkeago sartzen bada, nori saldu? Eta hau gutxi balitz, azken urteetan guretzat garrantzia handikoak izan diren dirulaguntzak  bertan behera utzi dituzte bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Diputazioek ere. Hori bai, lanik ez zaigu falta eta horixe izango da positibotzat har dezakeguna.

Oso ondo ulertzen dugu orain beste sektoretan gertatzen ari dena, baina nahiago nuke nik ere, lehen sektoreeko berri emateko garaian interes gehiago erakutsiko balute komunikabideek. Eta krisi honi buelta emateko bezala saiatuko balira administrazioetako arduradunak nekazaritzako gaietan. Zeren, sistema eratuta dagoen bezala, nekez bilatuko  diegu irtenbidea lehen sektoreko arazoei . Merkatuak jan egiten gaitu eta ez bada politika egokirik egiten ez daukagu inongo babesik. Hor dago benetako krisia. Bestea, krisi ekonomikoa alegia, ondorio bat besterik ez da.

Gaur egun, badakigu hemen kontsumitzen diren jakietatik ehuneko handi bat kanpotik datorrela, bidean ez dakit zenbat gasolio edo bestelako energia mota dezente kontsumituz. Kasu askotan, gainera, kapaz dira hemengoa baino merkeago jartzeko. Ba pentsa ezazue produktu horiek sortzen dituzten baserritarrek ze ordain jasoko duten!!! Eta gero, noski, telebistan egunero entzungo dugu kontsumo arduratsua egiteko eta klima aldaketaren aurkako neurri egokiak har ditzagula. Nola ez, bada, esaten dutenek ez badute egiten…

2009ko urtarrilaren 23a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!