Mendiko larreak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2008ko abe. 2a, 19:15

Uda partean izaten dugu aukera ederrik gure inguruetako mendi eta paisaia zoragarri horiek bisitatzeko. Aralar, Aizkorri, Ernio edo Urbasa bezalako leku ugari dago gure inguruetan, berdetasun lasaigarri hori mantentzen dutenak. Halaxe da, begira egoteak  gorputzari ematen dion lasaituak ez du preziorik. Badirudi, gainera, betidanik daudela hain garbi eta beren gisara mantentzen dutela edertasun hori. Inor gutxi ohartzen da atzean dagoen lanaz eta nekazaritzak duen eginkizunaz paraje hauetan. Ganaduzale, artzain eta abereak dituzten baserritarrek egiten duten lanaz ari naiz. Esan beharrik ere  ez dago lanerako baldintzak ez direla oso egokiak, baina  ehunka urtetan eutsi zaio lan horri bizirik. Hala ere, komenigarria litzateke leku hauetan lan egin behar dutenentzat baliabide egokiak jartzea; bide, pista edo txabolak, esate baterako. Leku batzuetan badira mendiaren kudeaketarako elkarteak, non ganaduzale, mendi nekazaritza elkarte, udaletxe eta diputazioek ere parte hartzen duten. Hor erabakitzen da mendia nola larretu, zein animalia mota eraman garai bakoitzean eta beste hainbat gauza, media ahalik eta egokien mantentzeko.
Ikusten dugu, ordea, mendi sail asko dagoela zikinak hartuta gure herrietan. Kasu askotan herri sailak, baina baita jabego pribatua dutenak ere. Garai batean denak txukun mantentzen baziren ere, gaur egun ez dago leku asko eta askotan igarotzerik. Horixe da nekazarien galerak ekarri duen ondorioetako bat. Baina ikusirik zenbat lur galtzen ari garen behealde hauetan, gero eta ezinbestekoagoa dela uste dugu larre hauen berreskuratzea. Uste dugu leku hauen kudeaketarako herri ezberdinetan lan izugarria dagoela egiteko. Industrialdeak edo etxebizitzak egitea adinako garrantzia du nekazaritza indartsua egiteko bertako lurren aprobetxamendua bultzatuko duten proiektuak martxan jartzeak. Lehen sektoreari dagokion mailan erantzuteko garaia da, gai honek ere (beste askorekin batera) eragin zuzena duelako ingurunean, eta baita sortzen ditugun produktuen kalitatean ere.

Kontu hau ez da berria, lehendik badira gisa honetako proiektuak martxan. Amasan eta Zizurkilgo Andatza gainetan egin denak balio du inguruko beste herrientzat adibide bezala. Ea bada zerbait egiteko gauza izaten garen!

2008ko urriaren 3a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!