Ganadu sektoreen egoera

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2008ko abe. 2a, 18:29

Gaur, ganadu sektorean jasaten ari garen krisiari buruz hitz egingo dizuet. Badaramagu denboralditxo bat gai hau gizarteari azaldu nahian, gauzak asko okertu baitira azken urtebete honetan. Produkzio kostuen gorakada izugarria jasaten ari gara, ez ordea gure produktuen bukaerako prezioetan. Behi esnearen kasua izan da egora txarrenetik libratu den bakarra baina ez du luze iraun, martxoan litroko 5 pezeta jaitsi zigutelako eta apirilekoa beste 2 pezeta. Artzainei ere gauzak asko okertu zaizkie, arkumearen prezio jaitsierak eta gaztaren prezioa mantentzeak  ez duelako kostuen igoera tapatzeko modurik eman. Behi haragiaren kasua da larrienetakoa eta dagoeneko baserrien ixtea ekarri du. Hemengo haragia saldu ezinik ari dira baserritarrak eta saltzen dena oso merke, produkzio kostuen dezente azpiagotik (700 pezeta inguruan kiloa). Haragi ekoizleen 2007ko datuak negargarriak dira, jasotako dirulaguntzen erdiarekin geratu dira batez beste, euren lanarekin zor garbia eginez. Antzeko egoeran daudela esan genezake txerri eta untxi hazleak ere.

Produkzio kostuen igoeraz ari garenean badira kontuan hartu beharreko faktore bat baino gehiago: batetik zerealen etengabeko igoera, garrantzitsuena dudarik gabe. Eta bestetik, maileguen interesen gorakada, gasolioarena, bestelako gastu finkoena eta abar.

Zerealekin gertatzen ari dena onartezina da, espekulaziorako bidea ireki du Europako gobernuak merkatua kontrolatzeko neurriak kentzearekin. Lehen etxebizitzekin inbertitzen zen bezala, orain, jangaiekin hasi da zenbait dirudun. Bestetik, biodiesela ekoizteko zerealen beharrak ere bere eragina izan du, gehiago espekulatzeko bidea eginez.

Hori nahikoa ez dela, baserritarrok jasotzen dugunetik bi edo hiru aldiz gehiago kobratzen zaio kontsumitzaileari gure produktuengatik. Prezio diferentzia hori dena  elaborazio eta banatzaile enpresen eskuetan geratzen da. Beraz, kaltetu bakarrak ekoizleak eta kontsumitzaileak gara kate honetan guztian. Horregatik ari dira etengabe baserriak ixten eta noski, produkzioaren beherakadak ez du etenik. Badirudi, ordea, hau ez dela arazo eta kanpotik ekartzen ari dira esnea, haragia eta bestelako produktuak ere. Algezirasko portutik datorren haragiak ez du inongo kontrolik jasotzen, nahiz eta, orain dela 10 urte inguru hildako txahalen haragi izoztua izan. Urrutira joan gabe, nire begien aurrean husten dituzte lau edo bost kamioi astero kanpotik ekarritako haragiarekin. Hori bai, guretzat ez da falta kontrolik eta dirulaguntzak kobratuko baditugu, berriz, ezin esan zenbat paper bete behar diren. Hortaz, egoera hau salatu eta aldaketak behar ditugula eskatuz kalera irtengo gara eta eskertuko genuke zuen babesa.

2008ko maiatzaren 23a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!