Herriartekoa

Am… ona eta Osinalde aurrez aurre, larunbatean Bergaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 27a, 02:00

Gipuzkoako Herriarteko azken finalaurrekoa izango da larunbatean, Bergarako pilotalekuan, 17:30ean hasita. Bertan erabakiko da Azpeitian maiatzaren 27an izango den bigarren taldea zein izango den:

Am…ona!  (Amasa-Villabona) eta Osinalde (Gabiria) izango dira aurrez aurre larunbatean, Bergarako frontoian. Saioa 17:30ean hasiko da. Am…ona taldeko kideak Beñat Iguaran, Amaia Agirre eta Ander Goikoetxea izango dira eta Osinaldekoak Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz bertsolariak.

Gai jartzaile lanetan ariko dira Iñaki Otaegi (Am…ona!) eta Beñat Hach Embarek (Osinalde). Saioa bost epailek baloratuko dute: Aritz Garin (Am…ona!) eta Jokin Murua (Osinalde) taldeetako kideak eta Herriarteko lehiatik kanpo geratu diren taldeetako beste hiru epaile.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek Bergarako finalaurrekoan:

  • Hasierako agurra puntuagarria (gehienez 5 minutukoa).
  • Ofizioa 8ko handian, 3na bertso.
  • Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso.
  • 10eko txikian rolak emanda, 3na bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, 3 bertso.
  • Habaneran 8 oinak emanda eta bederatziko txikian 9 oinak emanda.
  • 3 puntu erantzun.
  • Pertsonaien jolasa galde-erantzunetan. Batek galdetu eta bik pistak eman.
  • Kartzela, koplatan egoera proposatuta, 12 kopla osatu arte.

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita Bergarako Pol Pol tabernan ere.

Herriartekoaren azken txanpa

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde geratu dira. Lehen finalaurrekoan Erniarraitz 1 eta Karidadeko Benta aritu ziren maiatzaren 6an Alegian egin zen finalaurrekoan. Karidadeko benta irabazi zuen saioa eta Azpetiako finalean abestuko dute.Bergarako pilotalekuan egingo den saioan erabakiko da nor izango da bigarren finalista.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira, beraz,  Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak. Bergarako eta Azpeitiko saioetako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!