Herriartekoa

Eskualdeko hiru talde Herriarteko bertsolari txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 27a, 02:00

Otsailaren 3an ekin zion bideari Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketak. Eskualdeko hiru talde arituko dira lehian; Amasa-Villabona, Andoain eta Asteasu-Zizurkil.

Hogeita hemezortzi talde lehiatuko dira Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Otsaileko lehen asteburuan jokatu zituzten kanporaketa faseko lehen saioak, eta maiatzaren 27ra arte egongo da martxan txapelketa. Final handia jokatuko dute egun horretan, Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan. Final horretan abestu ahal izateko lehiatuko dira eskualdeko hiru talde; Amasa-Villabonako ‘Am…ona’ taldea, Andoaingo ‘Punttuka’, eta Asteasu-Zizurkilgo ‘Karidadeko Benta’.
Kanporaketa fasea martxan da dagoeneko. Parte hartzen duten hogeita hemezortzi taldeak 12 multzotan banatuta arituko dira lehen fase honetan, eta multzo bakoitzeko talde irabazlea bakarrik sailkatuko da txapelketako bigarren faserako. Bi saio osatuko ditu talde bakoitzak lehen fasean eta puntuazio altuena lortzen duena sailkatuko da.

Auzolana
Auzolanean antolatutako txapelketa da Herriartekoa. Oholtza gainean bertso egokiak osatzeaz gain, antolaketa lanak egitea ere egokituko zaio talde bakoitzari. Tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea eta indartzea da helburu nagusia eta horretarako, herrietako gai jartzaile, bertsolari, epaile eta antolatzaileak izango dira protagonista nagusiak; bai txapelketan lehiatzen, baita antolatzeko garaian ere. Lehen faseko saio bat herrian bertan jokatuko du talde bakoitzak, eta saio hori antolatzeko lanak egitea egokituko zaie. Bertsozale elkarteak egingo ditu koordinazio lanak.
Gozamena, jolasa eta lehia izango dira txapelketaren ardatz nagusiak. Horixe da, hain justu, taldeka parte hartzearen helburu nagusia; lehiaz gain, jolasa eta gozamena ere izan dadin. Talde bakoitzak sei kide izan behar ditu gutxienez; hiru bertsolari, gai-jartzailea, epailea eta ordezkaria.  

Lehen saioak
Eskualdeko taldeak laster abiatuko dira kanporaketa faseko lanetan. Otsailaren 17an ekingo diote lanari Asteasu-Zizurkil eta Amasa-Villabonako taldeek. Etxean ekingo diote bi taldeek, Ran Rober Ran talde zarauztarraren aurka lehiatuko da Karidadeko Benta taldea, eta Mutriku, Deba eta Mendaroko kideez osatutako Arnoperen aurka arituko dira amasa-billabonarrak. Andoaindarrek, berriz, etxetik kanpora ekingo diote bertso jardunari. Otsailaren 24an, Itziarko bertso eskolako kideen aurka aritu beharko dute, Itziarren. Martxoaren 10ean izango da Andoaingo saioa, Irungo Txingudi II taldearen aurka.

Lau fase, maiatza arte
Herriarteko txapelketak lau fase izango ditu; lehen fasea, otsailaren 3tik martxoaren 12ra luzatuko da. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera. Martxoaren 23an hasiko da bigarren fase hori, eta apirilaren 9ra arte egongo da martxan. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Lehen faseko ereduari jarraituz, multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da finalaurrekoetarako.
Finalaurrekoena izango da hirugarren fasea. Maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde arituko dira lanean. Final handiarekin amaituko da Herriarteakoa. Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, maiatzaren 27an.


Beterri-Aiztondo eskualdetik
Beterri-Aiztondo eskualdean bertsozaletasuna indarrean dagoen seinale, hiru talde arituko dira Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Otsailaren 17an ekingo diote txapelketari Asteasu-Zizurkil eta Amasa-Villabonako taldeek; otsailaren 24an, berriz, andoaindarrek.

KARIDADEKO BENTA
{{IMG-37184}}
Zizurkil / Asteasu
Lau zizurkildarrek eta bi asteasuarrek osatzen dute taldea. “Aurkari gogorrak egokitu zaizkigu oso, baina edozein pasa daiteke. Hala ere, gure helburu nagusia saio txukunak egin eta ondo pasatzea da”.

  • Haritz Mujika, bertsolaria
  • Joseba Otaegi, bertsolaria
  • Unai Mendizabal, bertsolaria
  • Igotz Alkorta, gai-jartzailea
  • Jon Ormazabal, epailea
  • Mikel Maiz, ordezkaria

PUNTTUKA
{{IMG-37185}}
Andoain
Sei andoaindarrek osatutako taldea da Punttuka: “Gure taldearen helburuak ondo pasatzea eta ondo pasaraztea dira orokorrean. Andoaindarrak saioetara erakarriz eta ahal bada saio txukunak osatuz, txapelketan aurrera egitea”.

  • Jon Eskudero, bertsolaria
  • Aritz Eskudero, bertsolaria
  • Ion Beloki, bertsolaria
  • Unai Ormaetxea, gai-jartzailea
  • Arkaitz Lasarte, epailea
  • Miren Lopez de Muniain, ordezkaria


AM...ONA
{{IMG-37183}}
Amasa-Villabona
Taldeko hiru partaide umetatik bertso eskola bereko kide eta Amaia Agirreren ikasle izandakoak. Eta beste bi Tolosaldeko Herriarteko txapelketak erakarrita hasi ziren bertsotan. “Talde polita osatu dugu eta egurra ematera aterako gara. Lan polita egiteko animoz goaz!”.

  • Beñat Iguaran, bertsolaria
  • Oihana Iguaran, bertsolaria
  • Amaia Agirre, bertsolaria
  • Iñaki Otaegi, gai-jartzailea
  • Aritz Garin, epailea
  • Ander Goikoetxea, ordezkaria
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!