Itxialdi bidegabe baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2021ko mai. 14a, 11:15

Gitarra elektriko baten akordeek eman diote hasiera antzezlanari. Oihal gorrien zirrikitu batetik atera dira aktoreak, eta ikus-entzulegoaren aurrean paratu. Euskaldunon Egunkariako langileak dira guztiak, ordezkotik hasi, euskara-zuzentzailetik igaro eta zuzendarira bitarte. Apur bat gehiago ireki da oihal gorria; kartoiz egindako erredakzioa oholtza gainean.

Euskaldunon Egunkariaren azken egunak ditu hizpide “Sisiforen paperak” obrak, baita itxialdiaren osteko uneak ere. Harkaitz Canok, Fernando Bernuesen gidaritzapean, ondo baino hobeto josi ditu erredakzio batean ematen diren solasaldiak, bakarrizketak. Umorea oinarri kontatzen dira erredakzioaren tira-birak, kazetarien arteko eztabaida amaigabeak.

Baina antzezlanaren konpasa daraman gitarrak sokak tenkatzen dituenean egiten dute topo pertsonaiek Guardia Zibilarekin. Eta orduan korapilatzen zaio bati eztarria; mehatxuak, irainak, zaplastekoak eta plastikozko poltsa aurpegian. Arnasestua. Inkomunikazioa, epailearen aurrean egindako aitortzak eta ondorengo jipoiak. Galdera erretorikoz jositako elkarrizketak, galdeketak. Sekretu profesionalari eutsi zion kazetaria.

Istorio baten lerroarteak gorpuztu ditu obrak, bidegabeki itxi zuten erredakzio baten tripetatik kontatua. Oholtzaren alde batean isiltasuna, tentsioa. Bestean, amorrua, aldarrikapena. Erdian gitarra elektrikoa, torturaren eta manifestazio oihuen soinu-banda. Artxiboko irudiek hamazazpi urte atzera salto eginarazten diote ikusleari, hotzikaratzeraino. 2003ko otsailaren 22an, itxieratik bi egunera, manifestazio jendetsua izan zen Donostian. “Itxia baino ez isildua”.

Hamaika aktore eta musikari bat egun gutxian gertatu ziren hamaika istorio kontatzeko. Errealitatearen fikziozko aitortza egiten du obrak, era sotil bezain benetakoan, eta euskal kazetaritzaren gertakaririk lazgarrienaren lekuko bihurtzen du ikuslea. Itxialdi bidegabe baten kronika sakon eta zintzoa da “Sisiforen paperak” antzezlana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!