Baserria, gudu-zelai

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 24a, 13:27

Gerraz mintzo dira, baina ez da tiro hotsik entzuten. Gerraz mintzo dira, baina ez da polbora usainik antzematen. Gerraz, baina ez odolaz; gerraz, baina ez hildakoez, ez garaileez, ezta leherketez ere. Leherketez beharbada bai, baina isilpeko leherketez,  nahiz oihartzunik ez izan, arrastoa uzten duten eztandez. Etxerik gozoena ere gudu-zelai bihurtzen da gerra garaian. Bada, hitza eman zaie Andoainen, hain justu, beren baserria lubaki bihurtu behar izan zuten emakumeei: “Ahaztuak. Emakumeak, bertan ziren eta bertan ari dira” erakusketan. 

Ariketa intimoa bezain kolektiboa egiteko gonbita luzatzen du esposizioak: batetik, Andoaingo Gudua gogoan izatea; bestetik, gerraren kalteak (ez albo-kalteak, zuzen-zuzenak baizik) pairatu zituzten emakumeei omenaldia egitea. Antzezlaneko jantziak, argazkiak, eta armak eskegita daude Basteroko aretoan. Jostunak ere hantxe dira, buru-belarri lanean. Alabaina, bada garrantzi berezia hartzen duen txoko bat: hamar geldialdiko (edo oztopo) bidaia bat, garai hartako emakumeek aurre egin behar izan zituzten hamar auziren aitortza. “Emakumeak gerraren labirintoan”.  

Denbora tarte laburreko kontua izango zelakoan joan ziren Zumalakarregiren agindupean makina bat gizon gudara Lehen Karlistaldian, ondo jakin gabe sei urteko joan-etorrian ariko zirela elkar tiroka. Bien bitartean, etxeko atarian azaldu zitzaion erasotzailea emakume bati; bizilagunak leihotik begiratzen zion, isilik, errukiz, suminduta. Beste batek etxea hustu behar izan zuen, senarra aurkako bandokoa izan, eta herrikideek bizkarra eman ziotelako. Eliza atarira joaten ziren asko eta asko, zauritutako soldaduak artatzeko. Frontetik gertu ere ibili zen emakumerik, baina gizon baten menpe. Beti. Arropari odol orbainak kentzeko lanetan egun argiz; sexu-langile, gauez. Zelatari eta salatari; negoziaketarako bahitu. Egunerokoa bilakatu zen beren etsai nagusi: baratzari ainguratuta, haurra bizkarrean eta iditik tiraka. Izerdi patsetan, ezinean.   

Inor gutxik gogoan izan arren, haiek ere defendatu behar izan zuten bere amaren etxea, otsoen kontra, sikatearen, lukurreiaren eta justiziaren aurka.  Eta galdu zituzten aziendak, soloak, pinudiak, errenteak, eta interesak. Ez zizkieten armak kendu; bai, ordea, hitza; hitza kendu zitzaien eta nekez iritsi da gugana haien lekukotza. 

Gudaren zama soinean  egin zuten aurrera bidean, eta bi mende igaro badira ere, gaur gaurkoz jarraitzen dute gerraren labirintoan. Bidegurutzeetan topo egin dute, denboran atzera-aurrera, beste mende batzuetako emakumeekin. Horiek ere irteera topatu ezinean, isilpeko bortxak ez baitie uzten, tokian tokiko, garaian garaiko egoerara itxuraldatzeko gaitasuna baitu biolentziak. IÒigo Astizek ondo baino hobeto dioen lez, gerrak ez omen dira sekula amaitzen gerra bizi izan dutenen gorputzetan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!