Aspaldiko partez

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2021ko urr. 9a, 09:00
Sanmieletako 2019ko argazkia

Aurten ere kobazuloan gelditu da Miela. Aurten ere ez da izan patata-tortila lehiaketarik, ez eta herri bazkaririk ere. Alabaina, batek baino gehiagok hasi du astea buruko minez, aje emozionalarekin, asteburuan zer gozatua izan denaren adierazgarri. Poxta Zahar gazte koadrilen elkarteak ardura berezia izan ohi du herriko jaietan eta aurten ere ez du kale egin; egoerak ahalbidetu besteko aukera ederra luzatu die herritarrei festez gozatzeko.

Dardara egin zuen herriak ostiral arratsaldez, eta Bassagain Soinu Sistema anoetarra izan zen horren erantzule: reggaearen nahiz dancehallaren doinupean aritu ziren dantzan urnietarrak; haurrak, gazteak eta helduak. Lagun lotsatienak ere izan zuen aitzakia ederra bafleetatik gertu izateko. Aspaldiko partez.

Larunbata izaten da jaietan herritar gehien biltzen dituen eguna, baita aurten ere. Goizean goizetik (eguraldiak lagunduta, gainera) gora eta behera zebilen jendea Idiazabal kalean. Nork bere kabuz egin zuen bazkaria, baina iluntze partean bildu zen herri osoa Plazido Muxikan. The Roristak taldeak ireki zuen eguneko kontzertuen egitaraua. Sekulako giroa ipini zuen; pozgarria da, gainera, herriko festetan etxekoak mikrofonoa eskuan ikustea. Aspaldiko partez.

Kitadelpare txarangak hartu zion lekukoa, ondoren; eta ondo hartu, gainera, zeren dantzan jarri baitzuen herria, baita alboko tabernako terrazan eserita zeudenak ere. Jada ahazten hasia zuten urnietarrek larunbat arratsaldez txaranga baten atzetik ibiltzeko ohitura. Bada, aurtengoan, plazatik mugitu gabe izan bada ere, berreskuratu zuten bizitasuna. Aspaldiko partez.

Sanmielek batu egiten dute Urnieta; urteko gainerako egunetan ikusten ez den konplizitatea izaten da jaiek irauten duten egunetan. Herria zapaltzen ez duen urnietarrak ere nahikoa arrazoi ditu iraileko azken asteburua etxean igarotzeko. Eta aurtengo festak guztiz ohikoak izan ez arren, agerian utzi dute pandemia batek ez duela jaierako grina eten. Zapia eranztea tokatzen da orain, asteburuak emandako bizitasunak sortzen duen nostalgiaz. Baina hurrengo urtean izango dira kontuak, eta kantuak. Laster arte, Miela, inoiz baino gogo handiagoarekin gaude zu berriro ikusteko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!