Marian, nire laguna

Erabiltzailearen aurpegia Ander Leon 2012ko api. 18a, 10:24

Marian nire laguna izateak ez du aparteko garrantzirik, baina istorioari gertutasun ukitua emango diola uste izan dut. Sinesgarritasuna, pasadizoak behar du eta. Harira. Marianek eta bere senarrak Donostiara joateko trena hartu zuten Andoaingo apeaderoan. Kotxeak arazoak baino ez ditu ematen, aparkalekua, TAO, ataskoak… Trena lasaiagoa da. Hiriburuko geltokira helduta, Marianek, diabetikoa izanik, askotan bezala komunera joateko beharra izan zuen. Emakumezkoen zerbitzua garbiketagatik itxita zegoen eta, hutsik zegoela egiaztatu eta gero, gizonezkoena erabiltzea erabaki zuen nire lagunak. Garbitzaileak harrituta ikusi zuen eszena guztia telefonoz hitz egiten zuen bitartean.

Lau ordu pasata, behin Donostiako betebeharrak beteta, bueltarako berriro geltokian ziren nire lagunak. Marian komunera joan zen berriro, orain bai, zegokion emakumezkoenera. Azukrea neurtuta eta neurriko intsulina sartuta, komunetik ateratzera zihoala, bi guardiajurado hurbildu zitzaizkion eta, “puta zikina” deituz, geltokiko gelatxo batera eraman zuten. Flipantea, harrigarria benetan. Ba hori ez da ezer, okerrena etortzeke zegoen. Bertan, geltokiko gelatxoan, txoko ilun batean, giltzapean, beldurtuta, bakarrik, inguratuta, Mariani geltokiko komunetan prostituzioan aritzea leporatu zioten. Antza denez, komunetako garbitzaileak salatu zuen zerbait arraro ikusi zuelakoan. Jarraian, oihuak, irainak eta umilazioak. Marianen senarra emaztearekin zer gertatzen zen ikustera gerturatzean, proxeneta deitu zioten (chulo puta izan ziren hitzak) eta ea zergatik ez zuen lanik egiten emakumearen “lanagatik” bizi beharrean. Gizonak, harrituta, Beasaingo lantegiko identifikazio karneta erakutsi, bera langile bat zela probatzeko eta Marian, besterik gabe bere emaztea zela esateko. Guardiek, haserre bizian, harropuzkeriaz, karnetari begiradatxoa bota eta gero, joaten utzi zituzten, kontuz ibiltzeko aholkatuz. Alderantzizko munduan, horrelako gertaera eta gero,  guardiak haserre eta lagunak, beraien burua aske ikustean, pozik. Pozik baino, lasaitasun ederra hartuta. Ez zuten ezer salatu, total, inork ez zien sinetsiko. Gainera, salatuz gero arazoetan sartuko ziren eta Mariani ez zaio komeni.

Harrigarria, ezta? Arraroa iruditu? Ez al diozue egoerari azalpen garbirik aurkitzen? Agian falta den azkeneko datu hau lagungarria izan daiteke pasadizoa ulertarazteko. Marian eta bere senarra Malin jaioak dira, Bamakon hain zuzen ere. Hori ez ezik, ikatza bezain beltzak ere badira eta Marianek ez du erresidentzia paperik. Beharbada, bikotearen ezaugarri hauek izan daitezke istorio honen piezak lotzeko falta zen logikaren pegamentoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!