"Entzun-erantzun dinamika sustatu nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia

Ekainaren 15ean osatuko da udalbatza berria. Han izango da Ainara de Miguel, bere lan taldea alboan duela. Lau zinegotzi lortuta, balorazio positiboa egiten du, EAJk bigarrenez gehiengo osoa lortuta ere. Sarea sortu nahi du herrian, ikusgarritasuna lortu, lau urte barru herria esnatu nahi ote duen jakiteko.

Hamar egun pasa dira hauteskundeetatik, zer pasa da tarte horretan? Zein da zuen balantzea?

Batzar bat egin genuen, eta plan estrategiko bat abiatzeko asmoa dugu. Proiektu berri bat abiatu behar da, ikuspuntu eta estrategia ezberdinarekin. Zerrendako kideok nahiko gestore onak garela esango nuke, praktikoak, eta errealitatea aztertu, izena eman, eta izen horri aurre egin nahi diogu. Eta izen horrek EAJk bigarrenez gehiengo osoa lortu duela dio.
Jendea entzun dugu batzarrean, kalean… Horiek prozesatu nahi genituzke, bidea hasteko.

Zein izango da estrategia hori?

Kontsultak egin, informazioa helarazi, ahoz aho eta sare sozialen bitartez, gonbidapen konstanteak parte hartzeko, eta entzun-erantzun dinamikan sartu, eman eta jaso. Gu ez gara EHBildu, koalizioko bozeramaileak bakarrik gara, eta ezin
dugu entzuten ez den talde baten bozak guretzat hartu. Errealitate bat dago, datuak aztertuko ditugu, eta datu horiekin erantzun bat eman, guk nahi dugun bidetik joateko.

Erdi betea, edo erdi hutsa ikusten duzu edalontzia?

Kalean basoa erdi hutsik sentitzen duena somatzen badugu ere, lanerako gaudenok basoa erdi beterik ikusten dugu. 838 boto dira, eta botuemaile horien borondatea ordezkatzeko bete beharra daukagu hurrengo lau urteetan.

Lau zinegotzi zer da, espero zenuena? Gehiago? Gutxiago?

Nik neuk 3 zinegotzi espero nituen, lau baino. Gazteen parte hartzea egongo ote zen nire zalantza, haiek parte hartzen bazuten gure aldekoa izango zelako. Zalantza ere banuen aurkeztu garen batzuk ez garelako Urnietan jaioak, edo azken aldian ezker abertzaleko inguruan ibilitakoak. Urnieta mailan aurreikuspenak nahiko ezkorrak ziren, baina emaitzak bestelakoa esan dute. Gehiengo osoa hausteko ilusioa banuen, baina loteriarekin edukitzen den bezalakoa, oso txikia.

Mikel Pagola alkatea babestu du herriak, bigarrenez gehiengo osoz.

Analista naiz, eta datuak aztertu zale, iritzi pertsonalez harago. Lau urtetan, errolda 50 lagunetan hazi da, eta parte hartzea, %3. Horrekin zer interpretatzen dut? EAJk 1.500ean daukala bere boto langa. EHBilduk, bere kanpaina eta talde gaitasuna ikusita, 838. Abstentzio zulo handi bat dagoela uste dugu, aztertu gabe daukaguna. Sarea indartzen badugu, zulo horri izena jartzen badiogu, eta %64ko parte hartze hori %70era igotzen badugu, 1.000 botoko langa iristeko gai garen jakingo dugu. Eta ez bagara, ba onartu beharko dugu gure politikak ez direla herri honek une honetan nahi dituenak. Momentuz ez dugu erantzun objektiborik.

Hipotesirik bai?

Sare eta ikusgarritasun falta. Hauteskunde egunean, EAJk taldea, antolaketa, babesa, estrategia, enpresa marka duela ikusi nuen, eta ikusten dut guk hori ez daukagula.

Bildu zara EAJko kideren batekin?

Kalean elkar ikusi genuen, topaketa informala. Kolaborazio eskaintza egin zidaten, adeitsuak izan ziren.

Zein izango da koalizioaren lan moldea, praxis-a, hurrengo lau urteetan?

Proposatzen ari garena, lanerako gauden taldea ikusita, taktikaren bat probatzea da. Eraginkorra dela? Aurrera. Ez dela? Ba beste taktika bat erabili. Ezin duguna egin da egunak pasatzen utzi. Ekarpen potoloak egiten ari dira alboan izango ditudan zinegotziak, eta lau kiderekin, gestio ona egin dezakegula sinetsita nago. Ezin duguna ezkortasunean murgildu, ez du laguntzen. Egoera ona ez denean, hobetzea tokatzen da. Iluntasunean murgiltzeak ez digu ezer onik ekarriko. Helburu lorgarriak, txikiak finkatu behar ditugu, kontsentsuz adostu, beti, informazioa zabalduz, autokritika eginez, eta diagnosi batekin, erantzuna emateko.

Lau urtera bista, ze helburu dauka EHBildu koalizioak?

Herri mugimendu bat sortzea, herri bat suspertzea, herri proiektu bat garatzea, talde bat egitea. Herria esnatzea. Ilusioa daukagu, eta ikusi beharko da utopia bat den, edo lortzeko modukoa. Baina hasten ez bagara ez dugu inoiz jakingo. Eta hasi gara. Batzar bat egin dugu dagoeneko Idiazabal kaleko lokalean, eta aztertuko dugu hurrengoak non egin. Ez gara enpresa bat, herri talde bat baizik. Eta herri taldea egiteko herria behar dugu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!