Euskaraz bizi nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iartza 2016ko ots. 2a, 01:00

Euskaraz bizi ahal izatea aspaldiko helburua da niretzat, baina gure gizartean, baita Gipuzkoa euskaldun honetan ere, hori egin ahal izateko oztopo dexente topatu izan dut. Euskaldun askok bizi izan ditugu horrelako egoerak:

Zerbitzu bat eskatzera joan eta aurrean dugunak:

  • Gazteleraz, mesedez, ez dut ulertzen eta.

Talde batean hitz egiten hasi eta norbaitek:

  • Gazteleraz egingo dugu, horrela denok ulertzen dugu, ezta?

Seiko talde batean batek euskaraz ez dakienean:

  • Egin ezazu gazteleraz, nire senarrak ez dizu ulertzen eta.

Behin baino gehiagotan saiakerak egin ditut, baina gehienetan kokildu egin naiz, aspertu eta atzera egin dut, azkenean gogaituta gaztelerara joz. Baina, nola lor dezakegu poliki-poliki euskararen erabileran aurrera egitea? Orain dela gutxi, lankideekin batera, TELP (Norberaren hizkuntz espazioaren tailerra) izeneko ikastaro bat egiteko aukera izan dut EMUN-ek emana. Bertan helburu hauek lantzeko aukera izan dugu:

Euskaraz egiten dugunean sumatzen dugun deserotasuna gutxitu. Jokabide asertiboari esker gusturago sentitu.

Asertibitatez jokatzea lortu behar dugu, pentsatzen eta sentitzen duguna esanaz, hala ere gurekin ari denari min eman gabe, berea ere ulertuz, baina euskaraz hitz egiteko gure eskubidea errespetatzea eskatuz. Ez modu pasiboan berehela gaztelerara pasaz, ezta modu agresiboan ere, etengabeko gatazka eta eztabaidetan sartuz. Goxo-goxo, baina ahal den gehiena guk euskaraz egitea lortuz. Izan ere, nork debeka dezake nik euskaraz egiteko hartu dudan deliberoa? Eta egoeraren arabera, gazteleraz egingo badut, nik neuk hartuko dut erabaki hori, ez besteek inposatuta.

Euskaraz aritzeko baliabideak ikasi.

Lehen hitza euskaraz egin eta hori mantentzeko ahalegina nola indartu; nola sendotu nire burua lasaitasunez jokatzeko egoera hauetan...

HABEk ere jarri ditu Youtuben bideo interesgarri batzuk txipa aldatzera gonbitea egiten digutenak: “Haurrari euskaraz eta bikoteari gazteleraz”; “Lehen hitza euskaraz”; “Taldean erderaz batengatik”; “Euskaldun berriarekin pazientziarik ez”.

Ikastaroa egin ondoren indar berriz hartu dut euskaraz egiteko helburua eta hara nolako esperientzia baikorrak izan ditudan:

Orain arte gazteleraz hitz egiten nuen familiakide batekin, nik euskaraz egiteko erabakia hartu dudala komunikatu eta hala hasi naizenean berarekin irmoki, bera ere euskaraz erantzuten ari zait!

Euskaldunberri ezezagun batekin hizketan hasi, lehen hitzak euskaraz esan eta probatu dut ulertzen didala, baina berak dena gazteleraz erantzun dit. Halako batean komunikazioa errazteko pixka bat erderaz egin dudanean, berak geratu eta “mesedez, jarraitu euskaraz, ulertzen dizut eta hala ikasi egingo dut!!”. Nik eskerrak eman eta hala jarraitu dugu elkarrizketa luzea: nik euskaraz (mantso eta ondo ahoskatuz) eta berak gazteleraz.

Euskaraz ulermen maila duen jende asko daukagu inguruan. Gehiago hitz egitea eta erabileran aurreratzen joatea posible da gure herrian!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!