Babestu beharreko ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iartza 2012ko mai. 17a, 16:16

Aitortzen dut. Horrelako onarpen publiko bat egiteak gaurko gizartean atzerakoi eta zaharraren-zale izendatua izateko arriskuan jartzen banau ere. Bai, aitortzen dut: Euskal dantza tradizionalaren zale naiz eta bat egin nahi dut joan den hilean Eibarren zenbait dantzarik, dantzari ohik, dantzazalek, dantzan adituk…egindako adierazpenarekin: “Euskal dantza tradizionala babestu beharreko ondare, komunikazio lengoaia, gozamen iturri, sozializaziorako eta erritualerako tresna eta nortasun ikurra da. Altxor hau transmititzen jarraitzeko, ezinbestekoa dugu gure kulturaren jarduera oparo hau guztion artean zaindu eta hedatzea, eta horretarako, dantzari buruzko ezagutzan eta trebaketan sakontzea…

1.    Euskal dantza tradizionalaren ondare izaera aitortzen dugu eta hori zaintzeko ardura, dantzari eta dantzazaleokin batera, gizarte, komunikabide eta erakundeekin partekatu nahi dugu.
2.    Tradiziozko musika, kantu eta dantzak, eta horien aldeko ikasketa, transmisioa, zabalkundea, ikerketa, artapena, babesa eta sustapenean lan egiten dutenak(…) balioetsi nahi ditugu. Egin duten eta egiten duten lan eskerga aitortu eta eskertu, eta bide horretan laguntzeko kultur politikak beharrezkoak direla adierazi nahi dugu.
3.    Premiazkoa da dantza tradizionalaren ezagutza, transmisioa eta hedapena sustatzeko neurriak hartzea…”.

Oier Araolazak gaiari buruz zioen: (BERRIA, 2012-04-22)
“Euskal dantza egoera nahiko kaxkar batean egituratua egon arren, formaziorik gabe, dokumentaziorik gabe, ikerketarik gabe, gizartean eta hedabideetan interes mediatikorik sortu ez arren, ez baita modako gauza bat, ez baitu saltzen…”

Eta Izaskun Berazak adierazten zuen: (AIURRI, 2012-04-27)
“Badirudi euskal dantza Euskal Herriko paisajean dagoen gauza natural bat dela, zaintzarik behar ez duena, eta berez mantenduko dena betiko…”.

“Maiz ematen du gehiago baloratzen dela kanpoan, etxean baino…Geurea dena geuk ez badugu baloratzen eta zaintzen…”.

Aipamen hauek bat egin dute nire kezkekin. Tradiziozko euskal kultur adierazpenak modan ez badaude, ezin baditugu gure gizartean saldu “modernoak” ez direlako, gaizki gabiltza, ezta? Ez gabiltza ondo, ez. Ze, orduan, zertan oinarrituko dira Euskal Herri moduan izan nahi ditugun kultur ezaugarriak eta nortasun adierazleak? Tradizioari jaramonik egin gabe zimendurik gabeko etxea eraiki nahi dugu?

Ni ere antzeko iritziak plazaratu dituzten hainbatekin ados nago: Gure herria, GU elkartu bat sortu nahi badugu, tradiziozko euskal ezaugarriei sendoki eutsi behar diegu. Euskal gizarte trinkotu  hori osatzen lagunduko diguten sinbolo-irudi bateratuak behar ditugu. Baina horrelakorik ba al dugu tradizioari erreparatu gabe, herri bezala gordetzea  (nekez eta era exkaxean bada ere) lortu dugun ohitura eta errito zaharren iturritik edan gabe? Berria, sustrai eta mamirik gabeko axal berria bilatu nahi itsuan murgilduta ez ote gabiltza?

Orri honetan dudan aukera hau erabili nahi dut zinez eta bihotzez eskerrak eta zorionak emateko Urki Dantza taldeari. Eta, oso bereziki, aurtengo Santa Krutzetako Ezpata-dantzan zuzenean edo zeharka parte hartu duten guzti-guztiei. Urtero-urtero ohitura berritzen jarraitzeko animoa eta kemena izan dezazuela! Bejondeizuela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!