Mitxeleta txuri bat

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2017ko ira. 21a, 02:00

Egun hartan, Andoaingo parrokiako kanpaiak berunezko zerupean izan ziren sonatuak. Gabriel Arestik sortu zituen mitxeleta beltzak paratu ziren Mendaro eta Mutriku arteko errepide bazter hartan. Rikardo Arregi hila zen.

Baina Bernardo Atxagak dioen bezala, hileta bat bada zerbaiten hasiera ere. Eta hura, euskal kulturaren erauntsia izan zen, izaera poliedriko baten gauzatzea. Biharko egunez, duela 75 urte, Zabala-Enea etxeak begiztatu zuen estreinakoz Arregiren bisaia. 1942ko irailaren 22a zen. Orduan, Pedro Arregik eta Benita Aranburuk ezin jakina zuten munduratu berri zen semeak euskaltzaleen aro modernoa zabalduko zuenik gerora. Izan ere, mitxeleta beltzak 27 urte bete gabe zituela agertu baziren ere, Rikardo Arregiren ekintzailetasunak aro berri baten sendotzean lagundu zuen. Esatera ausartuko naiz, gu geu, gaur egungo euskaldun garaikideak bere eredutik jaio garela. Ez daramagu gorbatarik; ez eta frantsesen lepoko zapirik; ez gara seminaristak; ez dugu gure egunerokoan nazioarteko prentsa irakurtzen. Gure bizitzetatik urrun dira manera horiek denak. Baina uste baino gertuagokoak zaizkigu, nahigabean, haurrak ikastolara daramatzagunean edo euskarazko filmak ikusten ditugunean. Gure hizkuntza egoera politiko jakin baten eraginez isilarazi zen, eta estrategia zehatz batzuei esker topatu zituen hedapenerako zirrikituak. Eta haien diseinuan zuzenki parte hartu zuen Rikardo Arregik. Euskaldunen alfabetatzea, Lur argitaletxea, Euskaltzaindia. 60ko hamarkadan jakin bazekien euskarak ez zuela biziraupenik izango soilik gurasoetatik seme-alabetara igarota, euskarak egunerokoetara, telebistara, kulturara, politikara jauzi egin behar zuela hurrengo belaunaldiak hizkuntzaren —eta bizi molde jakin baten—jabe izan zitezen. Aterki asko zabaldu zituen bere bide laburrean, eta iraupenerako aterpe bihurtu ziren bizi izan zen artean, baita gerora ere. Gure historia laburrari gero eta garrantzia gutxiago ematen diogun egunotan, Rikardo Arregik zer esango zukeen jakitea interesgarria litzateke. Nola biziko zukeen berak Euskal Herrian azken 50 urteetan gertatutakoa. Hizkuntza, kultura, politika, borroka armatua, AEK, Euskal Irrati Telebista, “Egunkaria”, “Jakin”, “Argia”... Bere izaera poliedrikoak galdera ororentzat luke erantzuna. Ziur. Bihar 75 urte beteko lituzke Rikardo Arregik eta bere pentsamendu, lan eta ekintzailetasuna aztertzea dira soilik esku artean bizirik geratzen zaizkigun armak. Denboraren kontrako lan bat da bere barrunbeetara sartzea, ordularia geldiarazteko saiakera bat, edo hura gertuan sentitzeko nahiari erantzun bat. Erantzun jakin bat hipotesi askoren aurka. Rikardo Arregi deskubrimendu bat da oraindik orain. Mundura zabalik dagoen leiho bat, oraindik hegoak astintzen dituen mitxeleta bat. Mitxeleta txuri bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!