EH Bilduk negoziazioan izan duen jarrera eskuzabalak, udal gobernuaren erantzun zurruna topatu du parean

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Andoain 2021ko ots. 1a, 16:52

2020. urteko aurrekontua ez genuen gustoko, baina elkarrizketa eta akordioa sustatu asmoz abstentzioa eman genion. Urtean zehar udal gobernuko alderdiek gurekin izandako jarrera oso eskasa izan da. Eta horren adibide nabarmenena ostegunean onartu zituzten aurrekontuetan ikusi dezakegu.

Gure borondaterik onenarekin saiatu gara negoziatzen, baina alperrik. Aurkeztu ziguten ia 22.000.000 €ko aurrekontutik, ez digute € bakar bat mugitzen utzi. Inoiz ikusi ez dugun jarrera bat izan da hau.

Hala ere, 9 zuzenketa partzial aurkeztu genituen, hobekuntza batzuk lortzeko helburuarekin. Hori ere ez. Zuzenketa guztiak atzera bota zituzten.

Azalpenak eman beharko dituzte, eta esan beharko dute nolatan bota duten atzera biolentzia matxistaren biktimei eskeinitako aholkularitza juridikorako zerbitzu bat martxan jartzea, edo ea zergatik gastatuko dituzten 20.000 € Xacobeo urtearen inguruko mural bat egiteko, Miranda pasealekuan  aisialdi gune bat sortzearen kontra bozkatu dutenean. Benetan uste dute udalarentzat lau kotxe berri erosteko urtea dela, ur hoditeria berritzen jarraitzeko inbertsioak geldirik dituzten bitartean?

Mimendiko arrapala berria eraikitzeko gaur bertan esleipen prozesua martxan jarri zitekeen eta horren kontra bozkatu zuten, 145.000 € ko kostea duen obra bat, eta berriz ere iaz bezala 160.000 € jartzen dituzte ur kontadoreen berrikuntzak egiteko, 2020. urtean arlo horretan ezer ez dutenean egin eta oraindik udaletxean lan hau burutuko duen iturgina kontratatzeko  hautaketa prozesua hasi ez denean. Juanita Alkaingo saneamendua, herriko merkataritzaren digitalizaziorako proiektua, Goiburuko plaza konpondu… ezezko botoa guztiei.

Esango dute hori dena gerakineko diruarekin egiteko asmoa dutela. Baina jadanik ez dugu ezer sinisten. 2020. urtean ere gauza bera esan zuten, eta herria geldirik izan dute. Egia da pandemia batean gaudela baina gauza asko egin zitezkeen, eta hori ikusteko inguruko herrietara begiratu besterik ez dago.

EHBilduk datozen egunetan etxe guztietara helaraziko duen aldizkarian ikusiko da zein proposamen aurkeztu dituen. Orain ezetz esan badute ere, egunero egunero lanean jarraituko dugu hauek aurrera eraman daitezen. Beste gai askorekin hasieran ezetz  esan eta ondoren aurrera eraman  dituzten bezalaxe. Gauza bera gertatzen baita zerbitzuetako pabiloi berriarekin. 2018. urtean esan genien pabiloi berria erosi beharrean, hobe zela Illarramendiko garapenean udalak eskuratuko zituen lurretan eraikitzea. Orduan ezetz, erosi beharra zegoela. Orain, hitzez esaten dute bertan egin nahi dutela, ondo dago hori baina 10 € ko partida bat jarri dute, eta guk proposatutako 30.000 €ko partida irekitzearen kontra bozkatu zuten.

Egitasmo zehatzik gabeko udal gobernua dugu Andoainen. Agintaldia aurrera doa eta EHBilduri ezezkoa eman eta ondoren beste bide batzuetatik proiektu horiek bereganatzen saiatzen dena. Horregatik ziur gaude, oraingo aurrekontuetan ezetz esan badigute ere, etorkizunean, nahiko genukeena baino beranduago, baina martxan jarriko diren proiektuak direla. Horretan jarriko dugu gure indarra eta gogoa. Andoain hobeago bat erakitzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!