Bai... baina ez!

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2017ko mai. 20a, 02:00

Ez noa ustelkeria berriro aipatzera, ezen luze-zabal hitz egin da eta duela hamabost egun neuk ere ustelkeriari   zutabea eskaini bainion.  Bestalde, Kongresuko gaitzespenak eta agerraldiak ere  kaskarrak izan dira. Zenbaiten ekimenak itxura hutsean geratu dira. 

Azkenengo berria da Kongresuan Alderdi Popularraren ustelkeria ikertzeko sortutako batzordea, Alderdi Popularrak eta PSOEk adostu dutena –Ciudadanos eta Podemos bi alderdi berriak kanpoan utziz–.  Orain hor dabiltza Rajoyk Gurtel epaiketan nola deklaratuko duen eztabaidatzen, epaitegian ala bideokonferentzia bidez. PPkoek ez dute irudikatu nahi Rajoyren epaitegirako prozesio hori, baina, berak hain normaltzat ikusten badu, joan dadila oinez eta akusatuen aulkian eser dadila.

Testuinguru horretan kokatu dute oposizioko alderdiek EAJ eta PP alderdien arteko ituna, bere baitan Kupoa eta Estatuko aurrekontua hartzen dituena. Itun hori zenbaitentzat ustelduta dagoen alderdi batekin egin da; horrez gain, Kupoa eta Aurrekontuak bereiztu egin behar dira. Hori diotenek adostutako aurrekontuan kokatzen dute bere kritika. Itunak beti dira baikorrak baldin eta herritarren onurarako badira; Kupoarena izan daiteke baina  agian, aurrekontuek ez dute onurarik herritarrentzat. Itunaren egileek, ordea, ituna garaipen garrantzitsutzat jo dute. Ortuzarrek esana du: irun honekin subirotsunak irabazi duela, urrats bat izan dela. Hainbesterainoko ote?

Beste alderdikoek ere pozik ezen uste dute horrela Euskadiko politikan eragina izanen dutela. Eta itun honetatik, nork bere interpretazioa egin ondoren, sortu dira beste zenbait arlotako amets eta itxaropenak. Horrela, Urkullu berak esan du aurrekontuekin egindako ituna beste arlo batzuetara zabaldu daitekeela ituna, hala nola autogobernura, etab... Ez du esan, baina PP Bake eta bizikidetzarako sortua den ponentzian sartzeko itxaropena piztu dute.

Europako Parlamentuko zuzendariak ere, PPren lerro ideologiko berdinekoa, EAJk  Espainiako Gobernuarekiko eduki duen jarrera txalotu eta goraipatu egin du.

Euskadiko PP, bien bitartean, itunarekin itsutu eta  EAJko zenbait militante edo buruzagien jarrerak fiskalizatu eta kritikatu ditu. Ez zaie ezertxo ere gustatu Arantza Tapia  Euskal Gobernuko kontseilariak ‘Gure Esku Dago’ ekimenean parte hartzea, edota beste zenbait jelkideen Kataluniako bidearekiko duten sinpatia. Ez dakit itun horren lorpenean egindako bidea nondik norakoa izanen zen, baina ez dakit ibilbide luzea izango duen. Kontuan har dezagun PPk ez duela entzun nahi ere Gure Esku Dago ekimena. Gauzak horrela, Legebiltzarreko autogobernu ponentzian  amankomunean zer eduki dezakete? Hutsaren hurrena!

Itzul nadin izenburura: Bai..., baina ez. Itunak itun, eta itxaropenak itxaropen, bai baina ez. Kuponazoari bai, bai aurrekontuei ezezko galanta.

Egun gutxira iritsi da biktimekiko euskal araudiaren aurkako helegitea, Espainiaren aldetik. 
Pili Zabalak zioen bezala, onartezina da politikoki zein etikoki. Ez dute sentsibilitaterik besteen sufrimendua ulertzeko. Ez dakit zer egingo duen Eusko Jaurlaritzak baina nire irudiko jarrera bortitza beharko luke hartu. Kongresuak hartu du ‘Valle de los Caidos’ izeneko monumentutik Francoren gorpua ateratzeko erabakia, baina ez PPk. Oposizioko indarrek behartuta erabaki da. Bai..., baina ez esan dio Kongresuak larriki gaixorik dauden presoak libre uzteko proposamenari. Ez ote zuten delako itun horretan gai hori ukitu. Ikusi beharko da, lehen aipatu autogobernu ponentzian zertara iristen diren, edota Bake eta bakegintza ponentzian parte hartzen duten. Denborak esango du itun honen emaitzak norainokoak izanen diren!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!