Gorrotoaren autobusa

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2017ko mar. 9a, 01:00

Historia aurrera doa etengabeko bidean. Dena da aldakorra, ez dago ezer absoluturik. Eta fenomeno hau maila guztietan eman ohi da, alegia, gizartean, ideologian, bizitzeko modutan, pentsaeran etab... 

Gaur gizartea gidatzen duen ideologiak aurrerakoiagoa den beste batekin egiten du talka eta talkaz talka beste berri bat sortzen da. Marx pentsalari famatuak horri dialektika deitzen zion: hots, tesia, antitesia eta sintesia. Gure artean askotan esan ohi dugu: gure garaian ez ziren horrelako gauzak entzuten, ez ziren gaurko aurrerapenak ezagutzen. Halaxe da, baina aurrera goazen heinean zahartzen dena hor geratzen da. Entzuna dut zaharra eta helduaren arteko desberdintasuna: pertsona zaharra lehengoan geratutakoari dagokio; heldua, aldiz, gaurkoratzeari. Lehengoa ez da bere osotasunean gaitzetsi behar gaurko belaunaldiek dioten bezala; ez da gaurkoa ere lehengo belaunaldiak dioten bezala. Jakin dezagun sintesia egiten, eta, horrela, gure barne gaztetasuna mantenduko dugu.

Kontua da, sarrera edo testuinguru honekin denok entzuna izango duzuen autobusa kokatu nahi dudala, autobusa horren atzean edo azpian zaharkitua geratu den ideologia edo pentsaera bat baitago. Autobusaren izenburua: “Hazte oir”. Azpitituluak, berriz, “ mutilek zakila dute; neskek bulba”. Autobusaren helburua da, nolabait, transexual edota sexu genitaliatik harago pertsonak erabaki dezala bere identitatea eta generoa. Nik gorrotoaren autobusa deitu diot, baina beste izen askoz ere bataiatu dute aipatu autobusa; hala nola, errespetuaren aurkako autobusa, aniztasunaren eta askatasunaren aurkakoa; autobus zaharkitua, ez bere itxuran, baizik eta bere edukietan. Bestalde, esan behar da autobusa ez dela zerutik jaitsia, bai zera!! Sarreran aipatu dudan gaurko ideologiaren aurka sortu da; lehengora eraman nahi gaituen pentsaera gisa.

Izan ere, bada Euskal Herrian eta badira Estatu mailan ere, haur transexuaelen alde diharduten erakundeak. Chrysalis du izena eta hemen Euskal Herrian Aingeru Mayor sexologoa da bere lehendakaria. Hauek diote: Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da. Erakunde honek errespetua, pertsonaren zoriontasuna, modernitatea ditu bere balio identifikatzaileak. Eta ahaleginak egiten ari dira bere familian horrelako haurren bat duten gurasoek normaltzat har dezaten eta beren seme-alabei bere identitatea aurkitzen lagun diezaioten.
Itzul nadin autobusera. Autobusa martxan jarri duen elkartea 2001ean sortu zen. Burua: Arzuaga abokatua. Bere jarduera familia eta haurren heziketari lotuta dago, jakina, ikuspegi katoliko eta kontserbadoretik. 2013 gizartearentzat erakunde onuragarritzat jo zuen Fernandez Diaz PPko ministro ohiak, eta hori dela eta, fiskalitate arloko kargak kendu zizkion. 2014-2011 urteetan Rodrigo Zapatero sozialistak martxan jarritako zenbait legeren aurka altxa zen, hala nola, homosexualen aldeko ezkontza, abortu legea eta abarren aurka. Aurrekari hauek ikusita norberak osa dezake bere pentsaera. Elizaren zati kontserbadoreena atzetik duela ezin ukatu. Munillak ere ez du kanpaina honen kontrako jarrera ondo ikusi; normala, bestalde, elizak hain sutsu defendatzen duen familia eredu bat kolokan jartzen baitu.

Autobusa martxan jarri eta berehala erreakzioak sortu ziren. Orain, dirudienez, autobuseko esaldiei galdera ikurra jarri diote. Galdera jarri badiote ez dago gaizki, jendartean zalantzak sor ditzan.
Ondorioak, beraz, asko izan daitezke. Niri asko datozkit burura: XXI. mendean gaude eta ezin gintezke zientziaren aurrerapen guztien kontra joan. Bereiztu ditzagun gauzak: gauza bat da jenitalitatea eta bestea identitatea, generoa. Errespeta ditzagun haurraren joerak, lagun diezaiegun beraien identitatea garatzen eta zoriontasuna aurkitzen. Egin diezaiogun aurre lehengora eraman nahi gaituen ideologia eta pentsaerei. Eta bukatzeko, Pablo Iglesias, Podemoseko buruzagiaren hitzak Hazte Oir ekimeneko sustatzaileei:”Izanen dute zakila; izanen dute bulba; baina ez dute ez garunik, ez bihotzik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!