2017ak hasi du bere ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2017ko urt. 12a, 01:00

Joan dira Neguko festak. Negukoak diot ezen hasiera batean neguaren hasiera ospatzen baitzen. Gerora kristautasunak berea egin zuen, eta urteen poderioz Euskal Herrian Olentzerok ordezkatu du. Oraindik zenbait familietan biak ospatzen dira.

Badu, beraz, nork berea ospatzeko aukera. Nire irudiko, tradizio guztiak kosmosean eta azken batean naturak berez duen barne lege horretan, Unibertsoan, zabaltzen eta nahasten dira denak. Olentzerok badu negutik eta naturatik: negua da eta neguko naturaren atsedena aprobetxatuz, menditik jaisten da neguko hotza eta elurra bidaide dituelarik.

Hasierako jentilek ziurrenik ez zuten neguko solstizioa ospatzen. Gauza bitxia da, festa hauek amaitzen direnean  jendeak liberazio gisako sentsazioa bizitzen duelako. Horrek zerbait esan nahi du, noski. Egun hauetan inoiz baino gehiago  sentitzen  eta azaleratzen baitira barne emozio eta sentimenduak. Zenbaitek poza sentituko du familia osoa biltzen delako eta belaunaldi desberdinek bat egiten dutelako; beste batzuek, aldiz, norbait falta denaren dolua bizitzen ari direnek esaterako, egun hauek tristuraz biziko dituzte. Aulkiren bat hutsik dagoenean, norbait falta den seinale da eta hutsune horrek tristura eta sentimendu ilunak sortarazten ditu. Dagoeneko atzean geratu dira  eta geratzen dena naturaren  legea  da, hots, negua aurrera doala bere bidean.

Herri bat gara,ordea, eta herriarekiko pertenentzia dugu. 2017ak, beraz, herri gisa ere hasi du  ibilbidea. Urte berriak urte zaharrak utzitako arazo eta  gertakariak jaso ditu eta berriei aurre egiten ikasi beharko du. Herri honek dituen behar eta arazo guztiekin puzzlea osatzea ez da batere erraza, asko eta era askotakoak baitira. Puzzle bakoitzak, gainera, azpi puzzleak ditu. Esaterako, bizikidetzak: biktimak, batekoak eta bestekoak, oroimena, presoak, eta giza eskubideei dagokien eremu zabala. Herri egiturak: erabakitzeko eskubidea; Eusko Legebiltzarrean osatuko den ponentzia berria. Nola batu ponentzia batean ikuspuntu desberdinak? Independentzia, subiranotasun partekatua; erreferendum legala, Madrilekiko jarrera eta abar luzea. Ekonomia, langabezia, pobrezia, bizi duintasuna, eskubide sozialak: etxebizitza, lana, hezkuntza, osasuna. Urte berriak arazo horiei guztiei erantzuna eman beharko die. Norbanako eta herritar  garenez erantzukizuna guztiona da. Hizkuntza ere hor dago. Abenduan sinatu zen protokoloa. Zerbaiterako balioko al du? Hitz potoloak esan eta entzun ziren Kursaalean.

Hiazinto Fernandorena In Memoriam
Gaurko zutabe honetan leku egin nahi izan diot Hiazintori. Zalantzarik ez dut Aiurrik, Hiazintok hainbeste eman dion aldizkari honek eskainiko diola bere omenaldia. Nire idatziak ere Hiazinto bertatik eta txikitatik ezagutu duenaren omenaldi xume eta barnekoia izan nahi du.

Bai, txikitatik ezagutu nuen. Gu bizi ginen lekutik Aranzubi baserria hurbil baitzegoen. Baserri ederra zen eta hara joaten ginen gu kaletarrok, artoa egiten laguntzera. Gure etxe aurrean soro luze zabala baitzuen. Lan egin ondoren ez zen falta merienda. Oso etxekoak ginen. Bera seminarista zela ni mutiko monagiloa nintzen, eta oporretan eta etortzen zirenean, niretzat, bederen, erreferentzia ziren. Niri ere, amaren faltak sortu zidan bakardade eta abandonua bete nahiez edo orduan sortu zitzaidan fraide izateko bokazioa, fraide ezen nire aitak ezin baitzuen apaiztegira joateak zuen kostua ordaindu. Fraide egin eta  garai hartako diktaduraren aurka eliza barrutik hasi ginenean askotan elkartu ginen; esaterako, bera Lazkaon apaiz langile gisa eta gu bi fraide Eibarko lantegi batean lanean. Beraz, Hiazinto hurbiletik ezagutu nuen eta zenbait borroka partekatu ere.

Aiurrin idazten hasi nintzenean, berak ordurako idazten zuen ere. Urteen poderioz, gure bizitzan ñabardurak izan genituen eta, noski,  herri honen inguruko arazoekiko ikuspuntuak ere ez ziren  beti berdinak. Gure zutabeak, noski, osagarriak ziren, aberatsak, elkarren artean desberdinak, aberasgarriak, beti ere, errespetuz landuak.

Hiazintoren ibilbidea, apaiz zenean zein gerora,  pertsona libre gisa definituko nuke. Apaiz garaian aurrerakoia izan zen, apaizgintza ulertzeko moduan etab. Libre zen berak uste eta pentsatzen zuena egiteko, libre giza arazoetan konprometitzeko eta libre bere bizitza berak uste zuen bezala antolatzeko. Libertatea, askatasuna, pertsona orok dugun dohaietarikoa da, baina horretarako aurre egin behar dugu,erlijioak, giza moldeek eta besteek zer esango duten horri. Norberaren askatasuna bestearen askatasuna hasten den puntuan amaitzen da, baina bitarteko bidea luzea da eta beti ez hain erraza.

Hiazinto, adiorik ez. In memoriam!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!