Hauteskundeak: Frustrazioaren historia!

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2016ko eka. 30a, 02:00

Lehenengo hauteskundeetan, hots, abendukoetan, Gobernua osatzerik ez zutenez izan, bigarren deialdirako bidea hartu zuten. Eta, bizitzan, edozein gertaeratan, zerbait berria hasten dugunean, espektatiba berriak sortzen dira. 

Hasten dira inkestak martxan; sortzen dira koalizioak eta lehen lortu ez dena lortu asmoz makinaria martxan jartzen da. Bata bestearen kontrakoak ere hasten dira, komunikabideak lagun, eta alderdi politikoak norgehiagokan buru-belarri sartzen dira. Herritarrak, berriz, kanpaina noiz bukatuko zain, besteak beste, herriaren dirua ere jokoan jartzen baitute. Eta hasten dira apustuak eta espektatibak, nahiak, desioak. Aurreko hauteskundeetan aldaketa nahia  nabarmentzen zen. Bipartidismoa hautsi zuten alderdi berriek, aurreko udal hauteskundeetan hautsi zuten bezala, baina, azkenean ez zen sortu eta herritarrengan frustrazioa sortu zen. Izan ere, betetzen ez diren espektatibek horixe dakarte: frustazioa. Nire irudiko, ezkerreko indarrak adostasunera ez ziren iritsi PSOEk  Ciudadanos alderdiarekin bat egin eta ezkontza horren ondorioz Ahal Dugu (Podemos) laguntzaile modura eraman nahi zuelako. Eskuinak ere ezin izan zuen gobernurik sortu inork ez zuelako berarekin ezkondu nahi.

Aurreko hauteskundeen eskarmentuz edo Ahal Dugu (Podemos) Ezker Anitzarekin bat egin zuen  PSOEri sorpasoa eman eta bigarren alderdi izatera iritsiko zirelakoan. Niri koalizioa gustatu zitzaidan, aurrekoan horren beharra ikusi baitzen. Gainera, Ezker Anitzeko buruari, Garzon, gaztea, aldaketaren aldekoa, gaurko gazteekin sintonia duena, elementu ona irizten diot.

Baina jakin dira bozketaren emaitzak, inkesta guztiak hankaz gora utzi dituenak: PSOEk irabazi dio IU-Podemosi. PSOEk, ordea, 1977tik honako emaitza txarrenak izan ditu. Hor ere, izango da iskanbila eta botere lehia. Oraingoan ere aukerak izanen ditu: eskubira ala ezkerrera jo. IU-Podemosek ere izango du non sakondu. Nago Britainia Handian Europatik ateratzeko hartu den erabakiak eragina izan duela herritarrek beldurra nabaritu baitute hemen ere. Arrazoiak asko izan daitezke eta hedabideak hor ibiliko dira luzaroan arrazoi horiek sakontzen eta aurkitu nahian.  PPri buruz zer esan. Hori bai dela ulergaitza. Hainbeste ustelkeria kasuk, barne ministroaren mutur sartzeak,  ez dute jendearengan eraginik eta, horrez gain, 14 diputatu gehiago lortu dituzte. Hau ulertuko duenik!!

Euskal Herriari dagokionez, ordea, emaitzak desberdinak izan dira.  Ahal Duguk irabazi ditu abendukoak gaindituz. Bizkaian, betidanik EAJren eremua izanik, oraingo honetan Ahal Duguk irabazi dio, eta Gipuzkoan ere aurre hartu dio EAJri. Bilduk emaitza kaxkarrak lortu ditu. Beti esan ohi da emaitza hauek ezin direla hemengo hauteskundeetara egokitu, eta egia da. Baina, halere, Euskal Herriko populazioan belaunaldi berriek aldaketa dakarte eta aldaketa hori hoberako bada, edota belaunaldi berrien ezaugarria bada, ongi etorria izan dadila. Dena doa aldatuz, gizakia barne, eta etengabeko aldaketa zuzentzen duen printzipio hori onartu beharra dugu. Hemengo hauteskundeetan besterik gertatzen dela, ba, Ahal Duguk beti izanen du indarra bere antzekoekin eskuz esku joateko.

Galdera da: Orain zer? Ba, orain, batek esango lukeen bezala, auskalo. Oraingo honetan ere PSOEk du aukera: gobernazioa ezkerrera jo ala eskuinera eraman. PSOEko jauntxoek ez diote Sanchezi IU-Podemosekin joaten utziko. Horiekin eta EAJ, EH Bildu, Katalanak eta etab. Ciudadanosek ez ditu bozka asko, eta asko ez izanik ere, garbi utzi du bera ez doala nazionalistekin inora. Oso zentralistak baitira.

Aukera egon badago ezkerreko gobernua lortzeko baina, lehen esan bezala, PSOEren barnean tirabirak izanen dira, eta nago PPk eta Ciudadanosek osaturiko gobernuari abstentzioa emango diotela. Ikusi dugu. Afari bat jokatu dut PPk eta PSOEk ez dutela bat egingo, baina hemen ere auskalo esan behar. Dena den, orain hasiko dira itunerako elkarrizketak. Ezkerraren aldekoa naiz ni. Beteko ote da nire desioa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!