Burgosko prozesua

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2020ko abe. 10a, 12:02

Aspalditxo da nire ohiko zutabetik joan nintzela, osasun arazoak medio. Aiurritik ez, noski. Eta ordutik hona gertakari ugari eman da gure herri honetan. Aipagarriena eta, nolabait, dena baldintzatu duena pandemia; baina testuinguru horren barnean eguneroko bizitza ez da eten maila pribatuan zein publikoan.

Eta itzulera honetan, zeri helduko eta hil honetan 50 urte bete diren Burgosko epaiketari heldu diot. Bazegoen zeri heldu, adibidez, Pandemia berari eta honen alderdi gogor eta krudelei, esaterako eman ohi diren eta ematen ari diren heriotzei. Dena den, hautua egin dut eta Burgosko epaiketaren inguruan nire hausnarketatxoa egin nahi nuke.

1970eko Abenduaren 5a izan zen Burgosko epaiketa hasi zeneko eguna. Hamasei ziren epaituak gure historian eman den epaiketarik garrantzitsuena eta emaitzetan gogorrenetakoa zalantzarik gabe, gerra kontseilu sumarisimoak eman baitziren aurretik “Bandidaje y Terrorismo" izeneko militarren dekretupean. Gurea ere hala izan zen. Apirilean atxilotu, abuztuan epaitu eta niri  hogei urteko zigorra eman zidaten militarrek. 60ko hamarkadan eta konkretuki hilabete horietan errepresioa gogorra izan zen, eta hainbat eta hainbat izan ziren atxilotuak, kanporatuak eta nola ez torturatuak. Garai horretan eman ziren, halaber, ETAko militante garrantzitsuenen atxiloketak, 68-69 inguruan. Hor hasi zen Burgosko makroepaiketa, sorrera eta prestaketa.

Epaiketa honen bidez, militarren asmoa, noski, ETA suntsitzea eta Euskal Herrian sortu zen antifaxismo hura zapaltzea zen. Herri bat altxa zen Diktaduraren aurka. Zapalkuntza arlo guztietan zegoen: Langile-mugimenduan, emakumeengan, politikan, zer esanik ez euskara munduan eta euskara bera hizkuntza gisa hartuta. Zapalkuntza horrek guztiak altxarazi zuen herria eta nolabait altxamendu horren katalizatzaile ETA izan zen. Askok eta askok horren inguruan herri honen izaera eta izana defendatu nahi izan genuen. Mugimendu zabala zen talde militar batetik harago.

Epaiketa, ordea, militarrei eskutik joan zitzaien; beraiek nahi izan zuten bidetik ez, kontrakotik baizik. Eta epaituak epaile bihurtu ziren. Epaiketa militante prozesatuek antolatu zuten eta norabidea markatu. Auskalo nolako eztabaidak eta izaten zituzten espetxe barruan. Kontraesan asko sortuko ziren, eztabaida ugari izanen zituzten nahiz eta gero denok ados jarri epai aretoan. Horri erantsi behar zaio herri baten erantzuna: grebak, elkartzeratzeak, itxialdiak, eta ez Euskal Herrian bakarrik, baita mundu osoan ere. Batik bat, Europan. Testuinguru horretan bada gertakari bat Burgosko prozesua eta ETAren gerorako bidea hobeto ulertzen ere laguntzen duenik: Behil Alemaniako Kontsularen bahiketa. Asko eztabaidatu da ea Burgosko epaituek ekintza hori onartu zuten ala ez. Esan behar da, ordurako ETAren barruan eztabaida zegoela erakundearen norabidearen inguruan, ez ote zen komeni borroka armatua uztea eta langile mugimendua buru izango zuen abangoardia bilkakatzea. Dena den, egun hauetan jakinda, prozesatuen ahotik, ekintza hori kartzela barruan eztabaidatua izan zela eta denak ez zeudela ados. Abstentzioren bat ere eman omen zen. Esan nahi da dagoeneko borroka armatua eztabaidan zegoela, VI. Asanbladan ikusi zen bezala.

Epaiketaren 50. urteurrena zenbait hedabideetan eta zabaldu eta komentatu da. Donostiako EHUko Carlos Santa Maria eraikuntzan erakusketa txiki bat antolatu dute. Xumea bezain adierazgarria eta pedagogikoa. Militanteen zenbait objektu ere agertzen dira.

Zenbait hedabidek, azaldu ditudan lerroetatik aparte interpretatu dituzte ekintza horiek denak. Normala, bakoitzaren bizipen eta esperientziak ere desberdinak baitira.

Dena den, interesgarria iragana gaur, alegia, prozesu hura gaurkotik ikusita. Memoriak horretarako balio behar du. Nire iritziz, Burgosko prozesuak diktadurari bukaera emateko balio izan zuen. Golpe latza hartu zuen, ezbairik gabe. Eta nire hausnarketa pertsonalean pentsatzen dut garai hark ez duela zer ikusirik geroko egoerarekin. Garai horrekin identifikatzen naiz eta nire egiten dut. Nere bizitzako zerbait da, dudarik ez, eta ez dut ukatu nahi. Diktadura krudel baten aurkako borroka zen; antifaxistak ginen; herriaren eskubideak defendatzen genituen eta hori garbi utzi nahi nuke.

Eta Rafael Alberti poetak 1970ko abenduaren 8an idatzi zuen poemarekin bukatuko dut nere hausnarketa:

Heriotzara kondenatzen

badituzu

hiltzen badituzu.

Beraiek izango dira zure

hilkutxaren

sei hiltzeak

zure bizitzako sei hiltzeak,

azkenkoak hiltzen badituzu.

Beraiek izango dira sei hiltzeak,

azkenengoak munduan soilik

existitzen den

Espainia horrek

heriotzari buruz

hitz egiten denean

hiltzeak soilik zugatik

eskua altxatuz denean,

heriotza baita Espainia

horren bizitza.

Hil ala ez hil,

zure heriotza hurbil dago.

Hilik, hilik, hilik zaude jada,

jada hilkutxaren tapan

sei hiltze daude

hilzatzen dutenak

betirako hilzatzen dutenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!