Leire Jauregi: "Euskaraldia iristeko gogoz nago"

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2020ko aza. 6a, 12:00

Leire Jauregi Berrobiko Euskaraldia batzordeko kidea da.

Nolakoa izan zen duela bi urteko esperientzia?
2018ko Euskaraldian Berrobik ez zuen herri gisa parte hartu. Euskara batzorderik ez zegoen momentu hartan gure herrian, eta ez genion Euskaraldian partaide izateko erronkari eutsi. Egia esan, pena pixka bat eman zidan horrek. Aurten, aldiz, egoera horri buelta eman, eta Euskaraldian parte hartuko du Berrobik herri gisa. Oso pozik nago horregatik. Gainerantzean, ahobizi gisa aritu nintzen 2018ko Euskaraldian, eta oso esperientzia polita izan zen hura niretzat.

Zer ikasi zenuen aurreko ariketa hartatik?
Norbanako gisa, Euskaraldiak iraun zituen hamaika egun haiek oso pozik eta ilusio handiz bizi izan nituen. Oraindik ere, ahobizi txapa jantzita ibiltzen naiz askotan. Egun bereziak izan ziren haiek niretzat. Egia esan, Berrobiko jende gutxik hartu genuen parte, baina gehienok ahobizi izateko hautua egin genuen. Orokorrean, hautu bera egin zuen nire inguruko jende gehienak, eta poz handia eragin zidan horrek. Aurtengo Euskaraldia iristeko gogoz nago dagoeneko.

Zein izango da aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia?
Berrobiren parte-hartzea izango da guretzat berrikuntzarik nagusiena, zalantzarik gabe. Inguruko jende askok lagundu digu bide honetan, eta azkenean, gure helburua lortu dugu. Oso pozik gaude Berrobik Euskaraldian parte hartuko duelako. Nolanahi ere, lan hauetan berriak gara eta Euskaraldia gerturatzen doan heinean ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen. Ilusioa eta lanerako gogoa ez zaizkigu falta. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!