Mari Murua: "Euskaraz bizi eta lan egitea posible da"

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2020ko aza. 8a, 12:00

Mari Murua Altzoko Euskaraldia batzordeko kidea da.

Nolakoa izan da Euskaraldia prestatzeko lana urte berezi honetan?
Udan zehar online egin genituen bilerak. Eta irailaz geroztik berriz ere aurrez aurre biltzen hasiak gara, segurtasun neurriak betez. Pixkanaka, baina gelditu gabe.

Entitate ezberdinei zuzendutako bilera antolatu genuen Altzon, eta talde ugarik egin zuen bat. Erantzuna ona izan da. Entitateek ekimenean izena emateak barruko norbanakoek ariketan parte hartu behar dutela esan nahi du; norbanako horiek egingo dutela lan. Ea guztion artean emaitza positiboa lortzen dugun.

Entitateen izen-ematea amaituta, eta norbanakoena martxan dagoela, gu ere berotze lanekin hasiko gara herrian. 
Altzo herri txikia da, euskalduna, arnasgunea. Horretaz jabetu, eta besteentzat ere eredu izan behar dugu.

Zein giro sumatzen duzu kalean?
Berrogeialdian, etxean sartuta egon ginen garaian, giro polita sortu zen Euskaraldiaren baitan leihoetan koloretako borobiltxoak jarriz nahiz bideoak zabalduz. Orain, norbanakoen izen-ematearekin, eta herri mailan aktiboki ekintzak antolatzen hasten garenean piztuko da giro hori berriz ere.

Euskaraldian parte hartzera animatuko nuke jendea. Orain euskaraz hitz egitea gerora begirako lana baita. Oraindik euskaraz egiteko ohiturarik ez duenak, pauso bat ematea besterik ez luke. Eutsi egin behar zaio, saiatu, eta aurrera egin.

Zein helburu nabarmenduko zenuke aurtengorako?
Orain bi urtekoa hobetzen saiatu, eta beste herriei begira eredu izatea. Euskaraz bizi eta lan egitea posible dela erakutsi behar dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!