Itxaso Erasun: "Euskarara hurbiltzeko eta jendea euskaraz ezagutzeko tresna polita da Euskaraldia"

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2020ko aza. 15a, 12:00

Itxaso Erasun zizurkildarra (1998) euskaraz bizi da egunerokotasunean. Ahobizi lanetan aritu zen orain bi urteko Euskaraldian, eta oroitzapen polita gorde du. Iristear den aurtengo edizioan ere ahobizi izateko prest dago. Gogotsu, gainera: “beti egongo naiz ahobizi izateko prest”, adierazi du. 

Nola gogoratzen duzu ahobizi izatearen esperientzia? Eta orokorrean, nola gogoratzen dituzu aurreko Euskaraldiko egunak? 
Egia esan, oso oroitzapen onak dauzkat; esperientzia ona izan zen. Baina orokorrean, Euskaraldiko egunak gainontzeko egunak bezala gogoratzen ditut; izan ere, nire egunerokotasunean euskaraz hitz egiten dut bai familiako kideekin, bai lagunekin, bai unibertsitatean… Nire inguru guztia euskalduna da, eta polita izan zen herrikideek txapak nola erabiltzen zituzten ikustea; zer esanik ez, euskaraz hitz egiteko zer nolako aukera ematen zuten konturatzea.

Ariketa kolektiboa izan zen, gizartea bere osotasunean hartuta. Aurtengoan errepikatu egingo da ariketa... Aurreko edizioan ikasitako leziorik aipatuko al zenuke?
Aurreko edizioan ikasi genituen lezio garrantzitsuen artean, esate baterako, nahiz eta guk uste pertsona askok ez dakitela edo ez dutela euskara ulertzen, Euskal Herrian bizi garen gehienok ulertzen dugula gutxieneko euskara hori: hau da, hitz ohikoenak ezagutzen ditugula esan genezake. Beraz, erdarara jo aurretik euskara erabiltzeko ahalegina egitea, eta gure egunerokotasunean euskarara jotzea izan zen ikasitako lezioetako bat.

Inguru oso euskaldunean bizi zara, baina badira han ere eremu erdaldunak. Euskararen bidetik jendea ezagutzeko eta euskarara hurbiltzeko ariketa modura ikusten al duzu Euskaraldia?
Euskaraldia ekimen polita izan zela uste dut, eta aurtengoa ere horrelako zerbait izatea espero dut. Ekimen horren bidez euskararen erabilera bultzatzea lortzen da, eta oso baliabide ona da erabiltzen ez dutenak euskarara gerturatzeko. Hortaz, esango nuke euskarara hurbiltzeko eta jendea euskaraz ezagutzeko tresna polita dela Euskaraldia.

Euskaraldia bezalako ekimenek asko lagun dezakete euskararekiko joera indartzen

Euskararen ezagutza altua izan arren, apalagoa da erabilera. Zure ustez, zergatik jotzen dute zenbait gaztek gaztelaniara? 
Gaur egungo gazteria oso erdaldunduta dagoela esango nuke. Nire ustez, sare sozialek, telebistak eta, oro har, teknologia berriek bultzatu dute hori. Azken finean, material guztia erdaraz aurki dezakegu, eta azkenean, gazteak bertan murgilduta egoteak eta hori kontsumitzeak bultzatzen du erdararako joera izatea eta euskara albo batera uztera.

 Nola hobetuko zenuke egoera hori?
Ez diot konponbide edo irtenbiderik ikusten. Euskaraz egitea etxetik datorkigun zerbait dela esango nuke. Txikitatik euskara bultzatu eta euskaraz bizi izan gara, eta nik uste, horregatik dugula joera hori. Beste leku batzuetan, erdaldunagoak direnek, aldiz, ez dute agian horrelako aukerarik eduki. Baina hori hobetzeko, Euskaraldia bezalako ekimenek asko lagun dezakete euskararekiko joera indartzen.

Aurtengoa berezia izango da. Distantzia hartuta eta musukoa erabilita ere ahobizi izateko prest al zaude?
Noski, ahobizi izateko beti prest. Bai aurreko Euskaraldian, bai oraingoan eta etorriko diren guztietan ere, beti ahobizi izateko prest egongo naiz ni. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!