Lapurreta bat eta eraso bat prentsa askatasunari

Erabiltzailearen aurpegia Gara egunkaria 2019ko urt. 30a, 10:00

Gaur hogei urte betetzen dira GARA sortu zela. “Egin” itxi eta bi hamarkada geroago eta Baltasar Garzon gure egunkariarekin gauza bera egiten saiatu eta 15 urtera, hain zuzen berak ilegalki itxitako egunkariaren zorra guri leporatuz, gaur iragarri behar dugu aurreakordio batera iritsi garela Gizarte Segurantzarekin. Horrela, beraz, erresistentzia aro bati amaiera ematen diogu.

2003an Baltasar Garzonek hamabost eguneko epea eman zigun 4,7 milioi euro haiek ordaintzeko edo ixteko. Gogorarazi beharra dago urte horretan Audientzia Nazionalak "Egunkaria” itxi zuela. Euskal prentsaren aurkako eraso bateratua izan zen. Geroztik hamabost urtez eutsi diogu eta une honetarako prestatu egin gara, baina horrek ez du esan nahi kolpe latz bat ez denik, soseguz eta inteligentziaz kudeatu beharko duguna.

“Egin”-en zorra ordainaraztea erabat bidegabea da. Justizia espainiarrak ilegalki itxi zuen, bere arduradunak espetxean eta baldintza izugarrietan izan zituen denbora ikaragarri luzez, ondoren bere ondarea suntsitu egin zuen eta gure bila etortzea erabaki zuen. Milaka pertsonaren ekarpenari esker lortutako kapital berria, lantalde berria eta proiektu berria izan arren, “enpresen ondorengotza ideologikoa” ezarri ziguten eta zorra leporatu.

Hori 2003an gertatu zen. Irmoki uste dugu 2019an Euskal Herrian soilik gutxiengo autoritario eta marjinal batek nahi duela komunikabide baten itxiera, edo zuzenean eta zeharka 200 langile baino gehiagori lana ematen dien enpresa baten porrot behartua. Zentzugabekeria itzela da eta horregatik eskatzen diegu babesa euskal instituzioei, eta laguntza gizarteari.

Gizarte Segurantzari dagokion hitzarmenaren partea oso latza da. Datozen urteetan, sei hilabetero, milioi erdi euroko ordainketak egitera behartzen gaitu. Hartzekodunen hitzarmenaren amaieran, guztira, 3 milioi euro baino gehiago izango dira. Urte oso bateko soldata kostu guztia baino handiagoa da; hau da, gure langile guztien urtebeteko soldatak baino handiagoa. Krisi iraunkorrean dagoen eta birmoldaketa gogotik saiatuta egin behar izan duen sektore bat da hau. Gure inguruko inongo hedabidek ezingo luke horrelako kolpe bat jasan. Gure inguruko inolako enpresak ez du horrelako jazarpenik jasan. Hau lapurreta bat da.

Eskerrak eman nahi dizkiegu konponbidean lagundu diguten instituzio, erakunde eta pertsona guztiei. Baita gainerako hartzekodunei ere. Oraindik beraien babesa behar dugu zoritxarreko gertakari hau ixteko. Haiei adierazi diegun bezala, egoera horretara iritsi gara gure hedabideen bideragarritasuna bermatzeko. Konfiantza dugu gure buruan. Trantsizio digitala arrakastaz egiten ari gara, eta abian jarri dugun ereduaren bidez harpidetzak eta komunitate konprometitu baten ideia bateratu ditugu. Diskriminazioa pairatu dugu baina geure burua baliarazi dugu. Gipuzkoako kioskoetan bigarren hedabidea izaten jarraitzen baitugu, eta hirugarrena Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan. Eta interneten indartsu ari gara lehiatzen gurea baino askoz handiagoak diren eta laguntza askoz handiagoak jasotzen dituzten enpresekin. Kolpea jasan arren, gure asmoa da debate publikoan eragiten jarraitzea, pertsona kritikoak sortuz eta boterearen kontrola eginez.

Solaskidetza garai bat zabalduko dugu instituzioekin, alderdiekin eta gizarte zibilarekin. Era berean, barne gogoeta bati ere ekin diogu, kolpe honi nola aurre egin hausnartzeko. Gure sorreraz geroztik ez dugu babes ekonomikorik eskatu. Eta orain bitartekoak jarriko ditugu eraso honen aurrean laguntza eraginkor bat bideratzeko eta elkartasuna egituratzeko. Beti esan dugu gure konpromisoa euskal herritarrekin eta irakurleekin daukagula. Gaur esaten diegu borrokan jarraituko dugula kazetaritza politikoa, independentea eta profesionala eskaintzeko. Eta horrexetarako, etorkizunera begiratzeko, eskatzen dugu zuen laguntza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!