Negua zelatan da

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2014ko aza. 6a, 08:56

San Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da -udazkena hobe esanda-. Zuhaitzak hostoak eranzten hasiak dira, kaleetako zorua kolore marroiz margotuz. Negua iristen denerako larru gorritan egongo dira gehienak, pinuak gabardina berdez babestuta jarraitzen duten bitartean. Eta zuhaitzetatik zuretara igaroz gero, baserritarrak datozkit burura. Honezkero txukun-txukun pilatuta izango dute negurako egurra, ekonomika martxan jarri nahi dutenek behintzat.

Udako lehen eguzki izpiak ateratzearekin batera hankak erakutsiz zebiltzan haiek leporaino tapatuta dabiltza dagoeneko. Udako arropa armairuko azken apalera igo dute amek –kasu gutxitan aitek– eta negukoa jaitsi ere bai. Ternuaren neguko kolekzioa laster izango da ikusgai Euskal Herriko kaleetan. Hala ere, beti egongo da bost gradu daudenean ere praka motzak jantzita dabilen ardi beltza.
Oheko maindireak aldatzeko ere orain da garaia. Gauerdian hotzez esnatzeak baino amorrazio handiagorik ezerk gutxik ematen du. Hori saihesteko edo, gure etxean bada oraindik poltsa-beroa berarekin ohera eramaten duenik ere.

Janaria aldatzeko ohitura ere badugu. Udan mota guztietako entsaladak jaten aritu ondoren, lekaleei erreleboa ematen diete letxuga hostoek. Babarrunak, garbantzuak, dilistak... Kalean zehar gabiltzanean ere harategi inguruetan odolki usaina nabaria izaten da –zerriren bati aurreratu egin zaio nonbait San Martin eguna–. Tolosan eta Donostian urteroko lekuetan pausatu dira urteroko gaztaina saltzaileak. Prezioek ere urterokoak izaten jarraitzen dute, BEZaren igoerak ez die eragin dirudienez.

Eguna asko moztu du dagoeneko. Ilunpetan etxetik atera eta ilunpetan etxeratuko gara laster. Asteburutan, askok eta askok egun argitan atera eta egun argitan erretiratzen jarraituko dute, eta ez iluntasunaren beldur direlako. Gogoratzen naiz hamahiru edo hamalau urte neuzkanean nola ilunpetan etxetik atera eta ilunpetan etxeratzen nintzen. 8:30ean eskolara sartzeko txirrinak jotzen zuen. Handik 16:00etan atera eta ingelesera. Handik solfeora. Eta pentagrama artetik ateratzen nintzenerako zerua beltz egoten zen. Gogoan dut egun argitan atera eta egun argitan erretiratutako egunik ere, baina horiek niretzat gordeko ditut.

Udan ur hotzarekin dutxatzen diren ausartak hasiak dira kanila eskuineko aldetik ezkerrekora lekualdatzen. Autoen aurreko kristalak izoztuta topatuko ditugu laster lanera goazenean. Tabernetako terrazetan erretzaileak bakarrik geratuz joango dira pixkanaka... Negua zelatan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!