Urtebete edukiontzi gris txipadunarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ipar Haizea plataforma 2020ko urt. 7a, 07:52

2019ko urtarrilaren 21ean hasi ziren ezartzen edukiontzi grisa Andoaingo herriguneko edukiontzi guneetan, ordura arteko edukiontzi berdeak kenduz. Hala ere, otsailaren 11ra arte errefusaren edukiontzi berriak zabaltzeko ez zen txartelik behar izan.

Edukiontzi aldaketa horrek, urtarrilean bertan, errefusaren jaitsiera eta gaikako bilketaren igoera ekarri zuen. Lehen aldiz, gaikako bilketa Andoainen %50a gainditu zelarik (Europak 2020rako eskatzen duen portzentaia).

Otsaileko datuetan are nabarmenagoa izan zen hobekuntza: %63a gainditu zuen bilketak (Europak 2025 eta 2030erako eskatzen dituen portzentaia gaindituz). Hurrengo hilabeteetan, oro har, %65aren gainetik (Europak 2035erako eskatzen duena) ibili da gaikako bilketa, irailean %67ra ailegatuz.

2019ko urtarriletik urrirako datuak 2018ko epe berdinekoekin alderatzen baditugu, ikusi dezakegu sortzaile berezietatik biltzen den materia organikoa 52.150 Kg-tan gehitu dela, errefusak jaitsiera handia izan duela (831.130 Kg gutxiago), organikoaren kaleko edukiontzi marroietan 324.470 Kg gehiago bildu dela, edukiontzi horietan 118.111 Kg gehiago, urdinetan 42.396 Kg gehiago eta arroparen edukiontzi zurietan 19.088 Kg batu direla. 

Beste frakzioetan jaitsiera txikiak eman dira, baina kontuan hartu behar da 291.432 kg gutxiago sortu dela.

Gaikako bilketa %44,58tik %63,56ra igaro da, hots; ia 20 puntu (zehazki 18,98 puntu) igo da gaikako bilketa.

Eta oraindik hobetu dezakegu, eskura baitugu %70a gainditzea, zenbait neurri hartu eta zenbait jokabide aldatu ezkero. Ez genuke aipatu gabe utzi nahi 143.876,91 euro aurreztu ditugula (errefusa tona bakoitzak 173,11 euroko kostua du) andoaindar guztiok errefusaren kantitatea jaisteagatik.

Horregatik guztiagatik, andoaindarrak zoriondu eta hobekuntzan sakontzera gonbidatzen ditugu.

Ez ditugu ahaztu nahi edukiontzi grisaren alde agertu ziren EHBildu, EAJ-PNV, Ganemos nahiz Irabazi alderdiak, gurekin batera hobekuntza nabarmen bat emango zela sinistu zutelako, datuek berretsi dutena.

Beraz, animo Andoain eta %70a gainditzera!

Guztion artean lortuko dugu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!