Koronabirusa

Generoa eta rola Koronabirusaren krisian

Erabiltzailearen aurpegia

Elhuyarreko Ana Galarragak gaurko bideo kapsulan zera dio: "Genero-bereizketak emakumeak zaurgarriago egiten dituela ohartarazi dute: osasun-langile gehienak emakumeak dira, eta haien gain geratzen dira zaintza-lanak".

Horri buruz hizketan aritu ginen bulegoan gauden Xabier Lasa lankidea eta ni neu. Eta Galarragaren adierazpen hori Aiurri astekari honetan bertan ikus daiteke, argiro. 

Elkarrizketa sorta zabala argitaratu dugu Aste Santu aurreko astekarian. Horietako batzuk Aiurri.eus webgunean aurreratu ditugu, eta besteak paperean argitaratuko dira lehenbizi. Guztiak ere sarean irakurgai izango dira, hurrengo orduetan. Amaia Agirre medikua, Maialen Mujika bolondresa, Nati Zalakain etxez etxeko laguntzailea, Leire Martin erizaina eta jostuna, Jaxone Usandizaga kale garbitzailea... emakumezkoak dira guztiak.

Nabarmendu beharrekoa da Marta Lopez erizainaren kasua. Lehen lerroan lanean egonik, kutsatu eta etxean dago bakartuta. Haren lekukotza zirraragarria jaso dugu Aiurri astekarian. Kutsatuta egonda ere, lanera itzultzeko gogoz dago. Lanbidea biziki maite duelako. Bejondeiola!

Nati Zalakainen kasuan, berriz, elkarrizketa argitaratzear geunden ama atzo bertan hil zitzaionean. Elkarrizketaren zentzua erabat aldatzen du gertaera mingarri horrek, eta elkarrizketa horren bertsio eguneratua argitaratuko dugu hurrengo egunetan. Besarkada bat Zalakaini eta haren senide guztiei.

Generoa eta rolak: Jostunak, zaintzaileak, erizainak, garbitzaileak... 2020an oraindik ere emakumezkoei loturiko lanbideak dira.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!