Ekainak 25, uztailak 28: zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia
©Irekia

Berrogei egun barru, hortxe-hortxe, 2020-2021. ikasturtea abiatuko da milaka ikasle eta familientzat. Egoera nahasi honetan, kezka nagusitzen da solasaldi askotan.

Kristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, atzoko agerraldian, ez zuen argibide berririk eman. Are gehiago, duela hilabeteko iragarpenari heldu zion: “Datorren ikasturtea dagoeneko planifikatu genuen duela aste batzuk, konkretuki, duela hilabete bat ikastetxe guztietara pasa genien zein protokoloan oinarritzen ginen eta hor hiru eszenatoki aurrikusten genituen. Gure asmoa da ikasturte hasiera nahiko normala egitea, beti ere Osasun Sailak markatzen dituen neurriak jarraituz. Protokoloan agertzen dira, eta oraingoz ez dugu aldaketarik aurrikusten.

Planifikazio normala egiten den modura, beharrezkoak diren irakasleak kontratuko dira, baina ez egoera honen arabera beste irakasle gehiago kontratatzea”.

 

Pandemiak bere garapena izan du azken asteetan, baita Euskal Herrian ere. Eta adierazpen horietatik ondorioztatzen da azken asteetan ez dela gaia berrikusi, berraztertu edo eguneratu. Duela hilabeteko protokoloari eusten diotela, alegia.

Irakaskuntzako sektore batzuetan atzoko adierazpen horiek ez dira oso lasaigarriak izango. Har dezagun adibide modura Urnietako Egape ikastolako irakasle taldea. Uztailaren 10ean gutuna argitaratu zuten Aiurri astekarian, Uriartek atzo aipatu zuen protokolo horri buruzko balorazioa eginez: “Egoera latz honen aurrean, Hezkuntza Departamentutik, pandemiaren aurrean jarraitu beharreko protokoloa gogoz espero genuen. Ekainaren 25ean iritsi zen. Jokabide zehatzak eta neurri garbiak espero genituen, baina orokorkeria gehiegi topatu genituen”.

Jarraitu beharreko protokoloarekin kritiko agertu ziren, orduko hartan: “Protokoloak ikastetxeei Ikastetxearen Urteko Planean jasota geldituko diren COVID-19aren aurrean Jarduteko Estrategiak ezartzeko eskatzen die. (…) Oso serio hartu dugu lan hori, gure esfortzuarekin eskatutako plana osatu dugu. Gerta daitezkeenak aurreikusten saiatu gara eta nola egingo diegun aurre ere pentsatu dugu.

Baina lan hori guztia egin ondoren, martxan jartzeko baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak beharko ditugula ageri geratuko da. Segurtasun distantzia mantentzeak ikastalde gehiago sortzea eskatuko duelako. Hidrogelak eta musukoak erabiltzea gastu extra izango delako ikastetxeentzat, eta ez daude diruz gainezka. Toki eta material desberdinen higienea areagotzeak produktu bereziak eta giza baliabide gehiago eskatzen dituelako. Teknologien erabilera areagotuko da, arazo ugari izango ditugu, noski, eta IKT arduradunik ez dugu…

Behar ditugun errekurtsoak Hezkuntzari eskatuko dizkiogu, itxaropen handirik gabe egia esanda. Zergatik? Protokoloa bidali baino egun batzuk lehenago hurrengo ikasturterako irakasleen murrizketa izango dugula adierazi baitzigun. Hori gutxi balitz, Lekualdatze Lehiaketa dela eta, irakasleen arteko mugimendu ugari egongo da.

Haserre gaude, haserre, goibel eta suminduta. Erakundeek huts egin digute, bakarrik utzi gaituzte. Euskal Eskola publikoaren alde lan bikaina egiten dugunoi bakar-bakarrik utz gaituzte”.

Ekainak 25, uztailak 28: zaharrak berri. Eta berrogei egun barru, hortxe-hortxe, 2020-2021. ikasturtea abiatuko da ikasle, familia eta hezkuntza komunitate osoarentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!