Covid19 | Datuak egunez egun

Zerbait gertatzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia

Gauden denok lasai. Horixe adieraztera datoz Andoaingo Anbulatorioa eta Udal administrazioa. Baina datuek ez dute egoera lasai bat adierazten, kontrakoa baizik:

Andoaingo Udalak lasaitasunerako mezua zabaldu du, ohar bidez: “Azken egun hauetan, Andoainen COVID-19 positiboak igotzen ari dira. Horregatik, Andoaingo Udala Osasun Zentroko arduradunarekin jarri da harremanetan eta jakinarazi digutenez elkarrekin zerikusirik ez duten kasuak dira, eta garrantzitsuena, oraingoz Andoainen fokurik ez dago. Halaber, jakinarazi digute zifra horiek “espero daitekeenaren” barruan daudela, egunero egiten diren PCRen kopurua dela eta”.

Gauden denok lasai. Hori adieraztera datoz Andoaingo Anbulatorioa eta Udal administrazioa. Baina datuek ez dute egoera lasai bat adierazten, kontrakoa baizik:

  • Tolosan 33 kasu azken lau egunetan; Andoainen 29. Tolosan alarma piztu da Asuncion Klinikan agerraldia izan zelako. Lau egunetan antzeman diren kasu positiboen pare dago Andoain. Datu hori deigarria da. 
  • R0 adierazlea: Gipuzkoan 1,45. R0 delako adierazlearen arabera, Gipuzkoan 14 eguneko inzidentzia metatuaren tasa 1,45ekoa da. Adierazlea 1etik gora dagoenean kutsatu bakoitza pertsona gehiago kutsatzen ari dela esan nahi da. Pandemia indarra hartzen ari dela, alegia. Andoain datu hori handiagoa da. Adierazle horrek dio Andoainen PCR proban positiboa eman dutenek ingurukoak kutsatzen ari direla. Hots, lagunak edota etxekoak.

Beraz, gure herrian “zerbait” gertatzen ari da. Eta diot nik, beste modu bateko informazioa eman daitekeela:

  • Lasaitasunerako mezu hutsak, bestelako informaziorik gabe, ez duelako lasaitzeko helburua betetzen. Kutsatzeak ematen ari dira, eta erantzun bakarra eskuak maiz garbitzea, musukoa janztea eta distantziari eustea da. Baina aholku sorta hori kasurik eman ez diren egunetan behar-beharrezkoa da ere.
  • Ez al da hobea adieraztea, adibidez, adin tarte zehatz batean edo eremu zehatz batean ematen ari direla kasu positibo horiek? Hartara, kontzientzia maila handiagoa eragin daiteke adin tarte horretan. Eta, bestalde, adin tarte horretakoak ez direnak apur bat lasaitu. Demagun azken egunetako kasu gehienak gazteen artean ematen ari direla. Gazteak are gehiago kontzientziatzeko baliagarria izan daiteke, eta bestalde beste adin tarteko jendea ez aztoratzeko aproposa da.
  • Lasaitasun mezuak eta isiltasun informatiboa zurrumurruak eta esamesak zabaltzeko aproposak dira. Eta gizarte bezala, horixe da garai zail hauetan behar ez duguna. “Nik uste”, “Esan didate”, “diotenez”... mingarriak izatera iritsi daitezkeen esaldi horiei aurre egiteko bada modu bat: Informatzea. Eta helburu hezitzaile eta pedagogikoaren bidez informatzeko aukera bikaina galtzen ari gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!