Jira eta bira

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iraola Treku 2016ko abe. 14a, 01:00

Eguzkiak itxaropena islatzen du bere begietan. Askatasun itxaropena. Haur baten begiak badira ere, aspaldi galdu zuen inozentzia begirada.

Gehiegi ikusi eta bizi izan dute 10 urte bakarrik izateko: Anai-arrebak gosez, familia zapalduta eta bere herria 2720 kilometrotako harresi baten barruan gatibu adibidez. Injustizien kaiola erraldoi horretan preso bizi da Ali, Saharar basamortuaren erdian, beste ehunka haurrekin batera. Jaki gozoak ez, baina giza eskubideen urraketak irentsi behar dituzte egunero bere kanpalekuan. Egun batean libre izango denaren itxaropena dauka, eta inork ez dio esperantza lapurtuko, oraindik, zorionez, ez baita ametsak preso hartuko dituen harresirik asmatu.

Iragan den udan Andoainen izan da Ali, gure gurasoen etxean. Bere ametsak hauspotzeko balio izan du bertan bizitakoak. Gogorra behar du 10 urterekin dena uzteak, erabat ezberdina den mundu batera, zer aurkituko duen jakin gabe, etortzeko. Gogorra behar du ama batentzat, semea uzteak, norekin doan jakin gabe, bereak baino aukera handiagoak izateko. Europa, Saharar baten begietan, aukeren kontinentea omen. Eskerrak Lesbos-en irakurtzen ez gaituzten.

Orain dela urte batzuk Kale Nagusiko gaztaina usainak iragartzen zituen Gabonak Andoainen. Galdutako ohitura. Nostalgikoa izaki, faltan botatzen dut gurera festa hauek ekartzeko modu hori. Black Friday-a ez zait hainbeste gustatzen, baina tira, demode bat naiz akaso. Zerbait ekartzekotan, nahiago nuke aukera berdintasun eta askatasunaren “American Dream”-a ekarri, baina, aukeren jabe diren horiek horrekin patrikarik betetzen ez dutenez… jai daukagu!

Nora zoaz Europa?
Bada ez dakit nora eza honengatik ote den, baina egun, ez naiz batere gabonzale. Ez ditut festa hauek batere bizi. Gastatu eta jan, gastatu eta jan. Hamsterra bere gurpiltxoan dabilen moduan beti berdinari bueltan. Burua garaiotan darabilgun bezalaxe: Jira eta bira. Falta direnengatik, afalduko dugunagatik, oparituko dugunagatik, urte berriari eskatuko diogunagatik. Denagatik. Hamaika gauza, hamaika buelta. Gehienak hutsalak. Anaia jatekorik gabe bagenu, familia zapalduta eta harresi batetik ezin atera biziko bagina behintzat, izango genuke kezkatzeko arrazoia. Hori ere galdu dugu antza. Arrazoia.

“Jon, tu hermano mayor de mi” esanez bueltatu zen etxera Ali. Eta ni, bihar noa, etxeko epela utzita “hermano pequeño” bisitatzera. Ez nago urduri. Aste aldrebes xamarrak izan dira azkenak eta ez zait iruditzen hegazkina hartu bezpera denik. Prest dauzkat jakiz betetako 28 kiloko poltsa eta nire arroparekin daramadan motxilatxoa. Ilusioak ez du maletarik behar. Gabon aurre berezia izango da aurtengoa. Bueltan hamaika bizipen eta itxaropena kiloka ekartzea espero. Badakit, horretarako, noren begietara begiratu beharko dudan. Bera bezalakoen begietan ere islatzen baita gure herri honen eguzkia, herriak libre izatearen itxaropena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!