Adina ez delako urteekin neurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iraola Treku 2016ko uzt. 14a, 02:00

Mendirako jaio zen Carlos Soria. Mendirako, mendiarentzat. Tapizari izan da ia bizitza osoan ofizioz, baina, jaiotzetik alpinista afizioz. Ez da ezagunetan ezagunena izango, baina, bera ere badabil Himalayismoaren historia liburuan lerro batzuk idazten; Soriak (Avila, Espainia, 1939) hamabi zortzimilakoetatik hamaika 60 urterekin baino gehiagorekin igo baititu. Hamabigarrena, 77 urterekin. Annapurna, frantziarren gailurra.

Orain urte gutxi, ez genuke irakurtzen gabiltzana sinetsiko, ezinezkoa zen adin horrekin zortzimilakoak igotzea, mendi hauekin amestea. Baina, ametsek adinik ez balute? Argi dago Carlosen ametsek ezetz. Jomugan jarri dituen mendiak, amestu dituen mendiak, mihise azpian izatetik, oinazpian izatera pasa baita nahi izan duen aldiro: K2 (65 urterekin), Broad Peak (68 urterekin), Makalu (69 urterekin), Gasherbrum I (70 urterekin), Manaslu (71 urterekin), Kanchenjunga (75 urterekin) eta Annapurna (77 urterekin).

Gazteagoa zela mendi hauek igotzea gustatuko litzaioke noski, baina, lau alabaren aita izanik eta lana medio ez omen du horretarako denborarik atera. Hortaz, afizioa ofizio bihurtzeko denbora izan duenean etorri dira zortzimilakoak Soriarengana. Aurretik Gredos, Pirinioak, Alpeak…; Azkenaldian, Himalaya.

Dhaulagiri (8.167 metro) eta Shisha Pangma (8.013 metro) geratzen zaizkio hamalau handienen erronka amaitzeko. Aurten, Annapurnatik jaitsita lehen hori ere igotzekotan zen, baina, elurraren egoera txarragatik, Carlosek ez igotzea erabaki du. Jakin badakielako mendiek hor jarraituko dutela bihar, eta baita bere ametsek ere. Mendizale askok gailurra dute helmuga. Carlos, aldiz, gailurrerako bidearekin konformatu ohi da. Eta ibilian bidea egiterik ez dagoenean, buelta hartu eta etxera egiten du inongo atsekaberik gabe, horregatik irria galdu gabe. Bueltatuko da.

Irriak irri, Soriaren balentriek efektu hori eragiten dutela sumatu dut inguruko adinekoetan: Ilusioa sortzearen efektua alegia. Orain gutxi arte, 77 urterekin ezinezkotzat jotzen genuen hori, gaur, posible delako. Itxaropen horrek eraginda edo, gaur egun ez diogu ezinezkoari hainbesteko beldurrik, ilusioa piztu zaigu eta adina, zenbaki anekdotiko bat besterik ez dela ulertu dugu. Gaztetasuna eta zahartasuna ez direlako urtetan neurtzen, jarrera kontua da.

Eta Carlosen istorio luzea Himalayako liburuan lerro bat besterik ez den bezalaxe, ilusio eta motibazioaren liburuan ere ez da gehiago izango. Beste lerro bat. Baina lerro horri esker, askoren amets eta utopien arteko hesia eraitsi da dagoeneko, muga mental hori urrutiratu da dagoeneko. Eta horrek, edozein zortzimilako baino gehiago balio dezake askorentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!