Oholtzaren gainean dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iraola Treku 2016ko ots. 2a, 01:00

Edozein herriko, edozein plaza. Dantza talde bat bere urteko emanaldia eskaintzen. Edalontzia dardarka dago oholtzaren gainean. Xiberuako maskaradetako bost aitzindariz jantzitako dantzariak begira baitauzka gainera jauzi egiteko. Hiru aukera ardoz beteriko basoaren geroan: Erori, hautsi edo dantzariaren karga tinko eutsi. Bere erabakiaren menpe dago ikuslegoaren erreakzioa. Txalo zaparrada bat edo “oooh!” esaten duten zenbait tristura aurpegi oparitu nahi dizkion zamaltzain edota kantiniersa-ri. Berdin dute dantzariek entsaiatzen igarotako orduek, basoaren gainera salto egin aurretik hauek dantzatzen dituzten püntüek, edota dantzatzen ari diren hori Xiberuako dantzak diren ala ez. Nor konturatuko da denak edalontziari begira badaude? Kristobal Kolonen hatz erakuslea dirudi. Hatza edo seinalatzen duen norantza da garrantzitsua? Krudelak gara euskaldunak, emanaldia, dantzaria edo ikuskizuna bera, basoak egin duenaren arabera ebaluatu edo kritikatzen dugunean. Zoritxarrez, baina, horraino bakarrik iristen da gure kritika maila maiz.
Sentipena dut berdina gertatu dela orain bizpahiru hilabete. Eta ez edozein herritan, ez edozein plazatan. Gure inguruan baizik. Maiatzean izan genituen hauteskundeak eta denon mingainek erabili dute “zigor” hitza emaitzak ebaluatu edo kritikatu ditugunean. Orain lau urte sekulako ikuskizuna zetorrenaren itxaropenez erosi genituen hautesontzietan sartzera gindoazen bozak. Badirudi, ordea, atez atekoaren edalontziaren gainera jauzi egindakoan ontzia irauli zitzaiela Bilduko aitzindariei eta herritarron erreakzioa izan dena izan dela: “Oooh!” esaten duten aurpegi tristeekin, zenbaitek bozkatzeaz utzi, beste batzuk hautua aldatu eta gehiengo handi batek, ez bozkatzetik EAJri txalo zaparradak oparitu.

Erreakzioa hau izanik, oholtzaren gainean dantzari berriak ditugu edalontziaren gainera salto egiteko prest. Eta ez dira dantzari ergelak. Badakite ikuslegoak basora ongi eginiko jauzia estimatzen duela eta hori eskaintzeko entsaiatzen dute buru-belarri. Vocento taldeko medioen esku jartzen dute emanaldiaren argiztapena eta sonorizazioa. Gaizki dantzatutako aldaerak itzalekin inork ikus ez ditzan eta musikariek gaizki kantatutako betiko koplak distortsiona ditzaten. Artistak dira horretan.
Hilabeteak daramatzate gure inguruan dantzan eta guri berdin zaizkigu boterearen edalontzira hurbiltzeko dantzatutako püntüak. Ilusionisten antzera, beste alde batera begira jarri gaituzte, basora, bidean nahi dutena egiteko. Horrela irentsi ditugu erraustegia, Heziberri legea, zezenketak, herrikoen auziari dagokion isiltasuna, subirotasuna 2030ean hitz egiteko kontua denaren ustea eta beste hamaika aldaera. Guk erosi ditugu ordea ikuskizun hau ikusteko bozkak. Edalontziari begira ez dagoen baten ahotik, oholtzaren gainean dantzan dabiltzan oinei begira dagoen baten ahotik, neuretik, etsipen “oooh!” bat besterik ez da ateratzen. Niretzat oso garrantzitsuak baitira basora hurbiltzeko bidean egiten dituzten urratsak. Eta sentipena dut euskal dantzak, euskal eredu bat ikusi nahiko nukeen tokian, flamenkoari begira nagoela, nire inguruan txalo zaparradak entzuten nabilen bitartean. Ditxosozko itzalak, distortsioak, edalontzi eta euskaldun? krudelak. Nazkatu naiz “euspañolada” hau ikusteaz, baina, zoritxarrez lau urte geratzen zaizkio ikuskizunari…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!