Hi jota hao!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Iraola Treku 2016ko ots. 2a, 01:00

Oporrak joan berri diren honetan, burua udan pentsatzen jarria dugu batzuk jadanik. Gauza jakina baita “bidaiariaren birusak” harrapatzen gaituenean ez dagoela sendatuko gaituen sendagairik. Gaixotasunak eragindako minaren aurka, ordea, bada erremediorik: Bidaiatzen segi. Jaten eman eta lasaituko da denboraldi baterako.

Nahiko gazte infektatu nintzen ni, kosta egiten baitzait joan etorririk gabeko urteren batekin gogoratzen. Azken urteotan baina, birusa ezin ase nabil. Munduko txokoren bat bisitatzetik bueltatzerako, hurrengo abentura sukaldatzen hasi behar izaten baitut birusak hala eskatuta. Eta ez pentsa osagaien zerrenda idazten dudan momentuan Asiako espeziatan, Ipar Amerikako Fast Food-ean edota Ozeaniako kanguru okelan pentsatzen jartzen naizenik, ez. Bidaiatzearen helmugak, niretzat, aspaldi utzi baitzion toki konkretu bat izateari, gauzak modu berri batean ikusten hasteko aukera batean bihurtzeko. Eta biziki maite ditut, abagune horren atzetik abiatu aurretik, egutegiko zenbakietan x-k egiten igarotzen ditudan egunak.

Urduritasunen, agurren, motxilen… egunak izan ohi dira x-dun egun horiek. Poliki igarotzen diren egunak, maiz, kanpoan igaroko ditugun egunei minutuak lapurtzen dizkietela dirudielarik. Baina batez ere, galderen egunak izan ohi dira abiatu aurrekoak. Nik neure buruari egiten dizkiodan galderez eta kaletik gelditzen nauten lagunen galderez josiak: “Oaingo hontan noa hua Iraola?”. Galdera honen atzetik, ordea, gorroto dudan beste bat joaten da gehienetan: “Ta bakarrik? [Um… Bai…] Hi jota hao!”

Bai, azken urteotan bakarrik atera izan naiz Andoaindik. Batzuentzat ausardia, beste batzuentzat erokeria. Niretzat, aldiz, mundua den liburu honetan, lehenengo orria irakurri duen baten iritzia besterik ez.  Eta zertarako kontatu hirugarren orrialdetik aurrera datorrena, bigarrenera heldu ez den bati? Egia esan, nahiago izaten dut ez hitz egiten segi eta elkarrizketa “Hi jota hao!” horretan utzi. Ez baitzait nire solaskidearen buruan dabilen ekuazioa nirean sartzen. Andoaindik lagunik gabe ateratzea, niretzat, ez baita bakarrik bidaiatzearen sinonimo.

Ni naiz lehena ez dakidana bakarrik egoten. Beti amaitzen dut nire buruarekin lehian. Beti galtzen. Izaki sozialak omen baikara.  Bidaiek eskaintzen duten aukeren abanikoa ireki eta probestu besterik ez dut egiten horren kontra, bidaideak bilatuz. Andoaindik bakarrik atera banaiz, hemen aurkitu ez ditudalako da, baina, bidean beti topatu izan dut inor nengoen tokian nengoela. Eta horrelako gauzek ematen diete zentzua nire bidaiei: Bidean egiten ditudan lagun berriek gehienetan.

Bidaiak ezezagunengan fidatzearen eta gertuko zaiguna denbora batez bistaz galtzearen sinonimo ikusten baitut nik. Deserosotasunean konforta bilatzearen sinonimo. Desorekaren sinonimo, euskarri bakarra beharrezkoa dugun hori duzularik: airea, ametsak, mendia, itsasoa, zerua. Zer gehiago behar duzu? Bide horren atzetik goaz bidaideak. Zure esku liburuaren lehen orrian geratu edo gure bidera gehitu, jadanik ibilian, bidean aurrera egin ez baduzu…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!