Non zabiltza, Jose Luis?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Unanue 2010ko mai. 5a, 18:51

Hamar urte joan dira jada eta pentsatzen jarriz gero zenbat denbora pasa den igande hartatik luze egiten zait, zenbat gauza gertatu den orduz geroztik, zenbateraino jarri den noraezean herri hau hilketa bat bestearen atzetik zuritu edo gure buruari ezkutatzeagatik. Abertzaleez ari naiz, noski, gauzak oso gaizki egin eta zuk, dirudienez, hain gogor astintzen zenituen abertzaleez. Dirudienez diot, nik ez bainituen zure artikuluak irakurri El Mundo edo El Diario Vasco-n; erosten ez nituelako batik bat eta ustez politika kontuetan zer pentsatzen zenuen zeozertxo banekielakoan. Askotan hitz egin baikenuen politikaz; ez zure azken urteetan baina. Sarri hitz egin baikenuen abertzaleon etorkizunaz; ez zure azken garaian ordea. Hiztun eta solaskide aparta zinen eta zaila zen zure hariari ez jarraitzea, baina zure azken hilabeteetan –ezen behin bat hil ondoren bere azkenekoak atzera hilabete eta egunetan konta bailitezke, baita ordutan ere– inoiz topo egin genuenean gauza hutsalagoez hitz egin genuen, Donejakue bidea eginez Compostelara egin behar zenuen bigarren txangoaz, esaterako. Ni, egia esateko, ez nintzen ausartzen zure kalbarioaz edo gai politikoetaz hitz egitera –batek ez baitaki nola asmatu halakoetan-– eta zuk, gizalege eta jatortasunez inoiz baino gehiago sufriarazten zizun gairik ez zenuen ukitzen. Halakoxea zinelako: eztabaida dialektikorako zenuen mozorro grinatsu horren azpian, sentibera eta eskuzabala.

Baina zure etxeko balkoira koktelak bota zituztenean ez nizun deitu, ez nintzen zuregana hurbildu ere egin.

Euskal abertzaletasunari, gaur egun, gauzak oso gaizki doazkio Jose Luis, eta gorriago ikusiko ditu aurrerantzean. Batzuen batzuk pentsatuko dute poztu egingo zinatekeela hori zure begiez ikusteko aukera izan bazenu, baina hori ez da horrela, ziur naiz izugarri penatuko zintuzkeela gizalegeko abertzale askoren nahia eta itxaropena horrela alferrik galduta eta zapuztuta ikusteak. Zuk, Jose Luis, herri hau zinez maite zenuelako, ahoa bete hortz aberriaz, askatasunaz eta etorkizunaz eleka isilgabean dabiltzan askok baino dezentez gehiago. Zu harro sentitzen zinelako herri honek bere nortasuna suspertzeko eta bizkortzeko eginda zuen bideaz, harro zure emazte Mari Pazek euskalgintzan egindako ibilbideaz, harro zure alaba Aitziber eta seme Alain euskaldun eta euskaltzale izateaz. Eta harrotasun hori, bete-betean, gutxik bizi dezakete gure herri honetan, ezta euskal abertzaleen artean ere, gehiegi baitira euskaldun izan arren euskaraz bost minutu jarraian hitz egiteko gauza ez eta inguruan euskaltzalerik inoiz sortuko ez dutenak. Hori, baina, nik ongitxo dakit: zein harro zeunden zu, Jose Luis, zure seme-alabetaz!

Beste herri askok bezala, pentsamendu aniztasunarena gaizki eraman dugu beti euskaldunok –nor bere etxean bai baina denok zerupe berean– eta kondenatu zintuztenak, erahil zintuzten ETAko bi morroi haiek bidali zituztenak, zoritxarrez, pentsamendu askatasunaren antipodatan dabiltza, baina gure artean bizi dira. Zure askatasunaren aldarria zure herrian bertan biziz, bizkarzainik gabe, egin nahi izan zenuen, eta hori hemen ezinezkoa da, nabarmenkeria eta atrebentzia ikaragarria...

Kondenatu zintuztenek konstituziozaleen eta abertzaletasun espainiarraren muturrekotzat jo zintuzten, euskal abertzaletasunaren etsairik bipilena bihurtu zintuzten eta zure motako aurkariekin nola jokatu erabaki zuten: pizti amorratuari bezala lau tiro eman eta gero paretean idatzi: ¡De Lacalle jodete, asesino!

Zure azken artikulua irakurtzeko denbora hartu dut eta beti bezala aurkitu zaitut, suhar, mihiari kosk egin gabe, argi eta garbi azalduz zure iritziak eta zure jarrera, bai Konstituzioaren aldekoa bai Ibarretxe Jaurlaritzatik kanpo ikustekoa. Eta zer? Zenbat mixeria, Jose Luis, gure artean daukaguna! Nahi nituzke arerio guztiak, aurkari politiko guztiak, zu bezalakoak, ageri-agerian jardun ohi zenuena, ez itzaletatik aginduz gure arteko askok ohi duen bezala! Azken hamar urte hauetan ezin izan dut zurekin elkarrizketarik izan, eztabadairik egin, hain zuzen ere gai horietaz guztietaz eta beste batzuetaz, Kabian maiz gosaltzen egin genuen bezala edo, sarritan ere, kale erdian, zure egunkari mordoa besapean zeneramala.

Aurkari bat eskua zabal luzatzen zekiena; nola ahaztuko dut, Jose Luis, ETAk gogorren jotzen zuen urteetan komisaldegi baten estuasunetatik pasa behar izan nuenean zuk galderarik egin gabe eskaini zenidan laguntza?: “Jon, si puedo hacer algo por vosotros, llámame, ¡ni lo dudes!” izan ziren zure hitzak orduko Bidasoa kafetegian topo egin genuenean. Niri, ordea, zama hori, etsipen hori gelditu zait, zure guruzpidea hasi zenean nik beste horrenbeste egin ez izanarena, zuregandik hurbil behar adina egon ez izana...

Orain zure oroitzapena geratzen zaigu, tarteka kalean harat-honat ikusten dudan Mª Pazekin hitz egiteko aukera, irakurri ez nituen zure artikuluak irakurri eta asmatzekoa horien arabera zer nolako eztabaidak izan genitzakeen gure artean, ika-mika horiek nondik nora joko zuketen, eta zein unetan huts egingo zizun zure gogo tematiak, zure adimen politikoak, irrist egin zure harrotasuna adierazteko, zure poza, familian herri honekiko harturiko konpromezuagatik, konpromezu hori askatasun osoz, kontzientzia osoz hartua zelako.

Jose Luis, zure hutsuneak erakutsi dit urrats asko, bide luzea, katebegi asko behar direla herri hau aske izateko, baina horietako batek, zalantzarik ez, zure izena duin gordetzea behar du izan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!