Babeli gorazarre, saiakera kalean da

Erabiltzailearen aurpegia Jon Unanue 2010ko api. 15a, 11:00

Patxi Baztarrika, azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan izan dituen eginkizun politikoengatik baino ezagunagoa dugu eskualdean 1980. urteaz geroztik Andoaingo Udaleko Euskara Lansaileko arduradun delako. Azken hamar urteetan hutsune luzea egin duen arren herrian, joan den urteko irailaz geroztik berriz ere Andoaingo Udaletxean da, Euskara Zerbitzuko lanak zuzentzen. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza utzi ondoren hartu du, baina, tarterik hogeita hamar urteetan euskararen eta hizkuntzen normalkuntzaren unibertsoan bereganatu duen jakintzaz eta eskarmentuaz hausnar egin eta saio luzea idazteko. Alberdania argitaletxeak argitara eman dio 430 orrialdeko liburuan eta joan den astelehen honetan, apirilaren 12an, aurkeztu zien, lehenik hedabideei eta, arratsaldean, Donostiako Londres hotelera bertaratu ziren lagun, lankide eta gonbidatuei.

Arratsaldeko zazpietan Donostiako Londres Hoteleko areto nagusia Babeli gorazarre liburuaren berri izan nahi zuten lagunez beteta zegoen, asko eta asko Baztarrikak azken 30 urteetako bere jardun profesional eta politikoan lankide, lagun edo bidaide izan dituenak eta horien artean politika eta kultura munduko aurpegi ezagun ugari, Euskal Herri osotik etorriak gainera. Aurkezpeneko mahaian, Patxi Baztarrikarekin batera, Pedro Migel Etxenike zientzialaria eta  Jorge Giménez, Alberdaniako argitaletxeko arduraduna eseri ziren, eta hain zuzen ere Giménez izan zen aurkezpenak egin zituena, bere lehen hitzetan adieraziz Baztarrikarena saiakera politikoa dela azterketa edo saiakera soziolinguistikoa baino, publiko zabalari eskainiriko hausnarketa, hain zuzen ere, hizkuntzen auzian pluraltasuna libertatearen ezaugarri eta aberastasunaren isla delako eta, aldiz, hizkuntza uniformetasuna hegemoniaren ondorio eta pobretasunaren ispilu. Tarteka umoretsu eta elkar zirikatuz jardun zuten hiru mahaikideek.

Etxenike eta Crystal aitaponteko
Pedro Migel Etxenikek Baztarrikaren saiakeraren mamia ondoko esaldiaz aurkeztu nahi izan zuen: hizkuntzei buruzko saiakera on batek ezinbestez behar dituen bi osagaiak ditu obra honek: inteligentzia eta sentimendua. Izan ere Pedro Migel Etxenikek eta David Crystal filologo irlandarrak aurkezpen bana idatzi diote Baztarrikaren saiakerari. Pedro Miguel Etxenikek Baztarrikaren lana Gernikako Autonomia Estatutuaz geroztik Eusko Jaurlaritzan euskararen normalkuntzarako egin den politikaren ildoan txertaturik aurkeztu zuen, bereziki Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legeak zabaldu zuen lan-ildorako estrategia egoki eta burutsutzat iritzi baitzuen Baztarrikak proposaturikoa.

Babeli gorazarre, edo aniztasunaren altxorra
Azkenik, Patxi Baztarrikak hizpidera jo zuen Babeli buruzko mito biblikoa saiakeraren izenbururako zergatik hautatu zuen azalduz eta adieraziz Babel madarikaziotzat hartu baino bedeinkaziotzat hartu beharko luketela gure gizarteek, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Gainera, hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetariko bat. Gaur egun, identitate baztertzaileak onargari ez diren neurri berean ez dira onargarri hizkuntza eta identitate anitzen arteko oreka harmoniatsuari bizkarra erakutsiko dioten sistema demokratikoak. Luze azaldu zituen, bestetik, bere saiakeraren edukiak. Saiakera gaztelerara itzulirik ere argitaratu dute, Babel o barbarie izenburupean. Izan ere, hizkuntzaren normalkuntza eta hizkuntzen arteko bizikidetasunaren gaia, eta euskararena bereziki, ez baita gizatalde bakar bati dagokion arazoa, egileak berak argi eta garbi aditzera eman zuen bezala gizarte eta gizatalde ororena baizik. Hortik, bada, egoera gutxiagotuan dauden gizataldeek hausnar egitea bezain beharrezko edo beharrezkoago gertatzea egoera hori bizi ez duten hiztun gizataldeek hausnarketa horretan ere parte hartzea. Jorge Giménez editoreak berak egin du gaztelerazko itzulpena.

Azterketa hiru eremutan
Informazioaren eta komunikazioaren aro honetan, Patxi Baztarrikak bidezko eta eragingarritzat definitzen duen hizkuntza politika baten edukia eta eginkizun nagusiak aztertzen ditu bere saiakeran, beti ere gizarte kohesioa helburu nagusi duen kultura politikoaren ikuspegitik. Azkerketaren eremuak hiru maila nagusitan banaturik datoz: Europa, Espainiako Estatua eta Euskadi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!