Praixku eta kanpaiak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Unanue 2010ko mar. 25a, 09:42

Joan den irailean Praixku Belauntzaran Urnietar prestu 2009 izendatu genuen Iñistorra Biltzarrekoek, Iñistor jaian ospatu genuen ekitaldian adierazitako arrazoiak eta merezimenduak tarteko. Izendapenaren berri eman genion egunean berriro ere egiaztatu ahal izan nuen iturri agortezina dela Praixku, hiztun egokia eta hamaika gertakari, pasadizo eta ateraldi buruan argi eta garbi gordetzen dituena baita. Horietako batzuk berritzeko aukera izan genuen eta haietako bat izan dugu hizpide egun hauetan guraso batzuen artean.

Merezimenduak merezimendu, Praixku noizbait mutiko izan zen, gerraosteko urte zail eta gordin haietan, eta ez omen zen berehala geldirik jartzen zen horietakoa, ez; mutiko mugitu xamarra eta, zergatik ez esan, bihurria. Goiburuko Arizmendi baserrian bederatzi anaia-arrebez osaturiko sendi batean hazia, auzoko mutikoek maiz Urnietako kalea izaten zuten jomuga, han bazelako nahikoa entretenimendu. Esate baterako, plazara jaitsita makina bat harri bota zioten berak eta bere lagunek elizdorreko kanpaiari, harriek kanpaia jotzean sortzen zuten hots berezia entzutea baitzuten gogoko, eta hura bere arteko lehia, baina kanpaia jotzerako erlojuko kristala hamaika aldiz apurtuko zuten, ezinbestez. Harriek sorturiko kanpai-soinua hain zen berezia herriko jendeek segituan ezagutzen zutela mutikoak zertan zebiltzan, eta On Juan erretorea txistu bizian aterako zen erretore etxetik mutiko haiei errietan egin eta, ahal bazen, harrapatzera, baita beste urnietar batzuk ere, haien artean uda partean Arantzibiko atarian eserita egoten zen Miel haundiya, mutikoei errietan egin eta kargu hartzera. Baina mutiko haiek, Praixku Belauntzaran tartean, ez ziren zimurtzen, eta iseka egin eta auskalo zer astakeria esanez korrika alde egiten zieten Arantzibian behera zubia pasa eta bere burua Erratzun salbu ikusten zuten arte.

Behin batean, kanpaia harriez jo eta On Juanen zalaparta sumatu orduko korrika zihoazela Arantzibi aldera, hor espero zuten Miel haundiya handik edo hemendik azaltzea, baina Arantzibikoa azaldu ez eta, mutikoak, apur bat zapuztuta eta harrituta, Erratzura iritsi ziren korrika zubia pasata. Miel haundiya gizon zintzoa zen, osoa eta meza legez entzutekoa, baina aiurriko gizona zen eta aldartea gaizto zekiokeen betetzen baldin bazen. Halaxe ba, mutikoak Erratzura korrika iritsi direla-eta, halako batean, sastraka batzuen atzealdetik hor sumatu dute Miel haundiya, oihu egin eta eskopeta eskuetan duela, eta mutikoak orduan bai ziztu bizian Goiburu aldera korrika. Mielek, perdigoiak kendu eta gatzez betetako kartutxo parea oinetara bota zien eta gure Praixkuri bete-betean eman ipurdian. Haiek saltoak! Hiru bat egun eman zuen ipurdia azkure bizian, eta erne gainera etxerakoan horren berri izanda ez ote zuen aitarengandik belarrondokoren bat jaso! Ez dakit, baina, guztiz kendu ote zion kanpaiari harriak botatzeko gogoa.

Hau Praixkuk barre-algara batean kontatu zigun, eta guk ere nahikoa barre egin. Ez zegoen herra edo erresuminik bere hitzetan, mutikoak gaizki zebiltzalakoan gaiztakeriaren neurriko erantzuna jasotzat joko balu bezala. Orain askorentzat pentsaezina den gertakari hori orduko bizimodua zen; besterik ez. Eta Praixkuk esan dezake gatz hark ez zuela akaso ongibidean jarri; bai moituxeagoa bihurtu zuela agian!

Gaur egun pedagogia indukziozkoak beste muturrera jo du gure gizartean eta psikologia hausnargilea erabili behar da gure mutikoekin, aurren-aurrenetik beti; zigorra ez, pentsaezina bortxakeria fisikoa –zaplaztekoa, kaskarrekoa…–. Horren gainean jardun genuen gurasoek lehengo batean eta halaxe ekarri nuen hizpidera Praixkuren pasadizoa. Baina pedagogia hauen kontua beste baterako utziko dut, zuen baimenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!