Berriro ere...

Erabiltzailearen aurpegia Jon Unanue 2019ko abe. 13a, 11:36

Azaroaren hondarretan eskaini zuten aurrenekoz eta, dirudienez, azkenekoz, 'Soinuen Begiradak' izeneko ikuskizuna Urnietako Saroben.

 Egape dantza taldea eta Anabasa musika taldea izan ditu bizkarrezur ikuskizun horrek, eta beste hainbat urnietarrek bere aletxoa ekarri dute, dela argazkiak eta irudiak prestatzen, dela musikari edo kantari gisa partaidetza eskaintzen, dela eskoizpenean eta logistikan laguntza eskaintzen… Niri ere egokitu zait testu batzuk prestatzea eta zuzenean jarraitu ahal izan ditut, neurri batean behinik behin, ikuskizuna osatzeko lanak. Azken urteetan Urnietan landu eta osatu diren ikuskizunetako azkena izan da azaroan mustutakoa eta, aurreko guztiak bezalaxe, bikaina benetan.

Bikaina diodanean, aitzakiarik gabe diot bikaina: bikaina dantza emanaldietako koreografiak eta dantzarien burutzapena, bikaina musika –guztia Urnietan sortua ikuskizun hauetarako–, bikaina ikuskizun guztia josteko eta ekoizteko egin den lana… Talde lana, finean, bikaina izan da eta hori beti da gozagarria. Lagun jakin batzuek ikuskizun berri honetan bere arrasto nabarmena utzi dute, aurreko ikuskizun guztietan
Marizulo, Urnieta 1959, 1936, Zuria– utzi zuten bezalaxe: Edu Muruamendiarazen mailako koreografo eta dantzaria tartean izatea luxua da Urnietarentzat, eta maila berean dira aipagarri
Antton Jauregi musikaria
eta Mikel Agirregomezkorta eszenografoa. Ezkutuan gelditzen diren egileen artean bi, berezibiziko garrantzia eta merezimendua dutenak: Jaione Jauregi –bera dugu ekoizle lan ugari egiten duena– eta Pablo Lusarreta, atzean hari gehienak mugitzen dituen eskarmentu handiko teknikaria.

Eta emaitza, egun askotako, ordu askotako lana, aurrena nork bere aldetik egindakoa eta, azken hilabeteetan, elkarrekin ondurikoa Sarobeko aretoan. Emaitza, egunsentitik arratserainoko ibilbidea eginez Urnieta herriaren izateari begiratua ematen dion dantza eta musika ikuskizuna, Adarramendiko Etenetatik hasi eta Muniskue eta Goiburun behera plaza eta herrigunera ailegatzen dena, ondoren, kalekoak eginda, Berrasoetan gora Buruntzako ilunabarrean amaitzeko. Foklore, historia, olerki eta antropologia ukituak dituen musika eta dantza ikuskizuna, ordu beteko gozagarria urnietarrentzat eta Urnieta kanpokoentzat ere.

Inork ez dezala pentsa gisa honetako ikuskizunak herri guztietan osatu eta antolatzen direnik; ezta gutxiagorik ere. Urte hauetan guztietan Urnietak izan duen kultura ondasunik biziena, berezkoena, jatorrena, Saroberen altzoan sortu den musika, dantza eta antzerki mugimendu horixe izan da, Euskal Herri osoan oso herri gutxik, oso gutxik aurkez dezaketena. Zoritxarrez, nire irudiko Urnietak ez du jakin, ez du asmatu, ondasun hori behar bezala ezagutzera ematen. Ordu askotako, hilabeteetako lana, lan bikaina, egun bateko ala biko hiruzpalau saiotan agertzen da… eta kitto! "Soinuen begiradak" azken ikuskizun honek, esaten baterako, hiru emanaldi izan zituen azaroaren 30ean, Urnietan bertan, eta hortik aurrera amaitu da, nik dakidala ez da gehiago ikusiko. Azken ikuskizun hau oso Urnietakoa izan arren lasai asko eraman liteke beste antzoki eta areto batzuetara, aurretik sortu eta ekoiztu zirenak eraman zitezkeen bezalaxe –gehienez ere Andoainera eraman izan dira eta, azkenekoa, Zuria, Donostiako Antzoki Zaharrera–, baina aurretik lan egin behar da ikuskizuna “saltzeko” Euskal Herrian barrena.

Ikuskizunak merkatura aterako dituen ekoizlea da falta dena, zokozorretan ibili gabe, benetako babeslea ondasun hori Urnietatik kanpo eskainiz hazi, lora eta aberas dadin. Zapuzgarria gertatzen baita, bestela, hainbeste ordutako lana bizpahiru emanalditan lurruntzen ikustea, oraindik guztiz bere onena eman ez duenean, eman ahala hazi beharrean denean…

Bien bitartean, babesle horren zain gogoa eta umorea zimurtuko ez zaizuelakoan, zorionak hor parte hartu duzuen guztioi eta, eutsi goiari!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!