Nereari

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2021ko mar. 4a, 11:10

Doan lekura doala, entzun ditzala Goikoplaza aldetik urtero entzuten zituen herrikideen txaloak.

Neska-mutilak elkarrekin lasterka aritzeko proba antolatzen zen Andoaingo San Juan jaietan, izurriteak gizarte bizitza aurretik eraman zuen arte. Armando eta Nerea aita-alaba hutsik egiten ez zuen bikoteetakoa zen. Beste guztiekin batera irteten ziren lasterka, eta denen pare korrika ibiltzen ziren kalean gora eta behera. Ez zait normaltasunaren aldeko ekimen hoberik burura etortzen.

Ibilbidean zehar txalo zaparrada jasotzen zuten, txalo bakoitza aitortza eta omenaldi modukoa izanik. Txaloa komunikazioaren parte da, txalo egiten duenak zerbait adierazi nahi baitio hartzaileari. Eta hitzez azaltzea kosta egiten zaiguna txalo bidez azaltzen genion Nereari eta Armandori, eta baita Manoli amari eta Ainhoa ahizpari ere.

Herrikide asko izango dira, neu bezala, haiengana sekula gerturatu ez garena. Aukerarik bilatu ez duguna haiengana gerturatu eta “kaixo, zer moduz?” edo antzekoak esateko. San Juan jaietan, hori bai, txalo egiten genuen gogotik zirrararen zirraraz eztarrian korapilo modukoa egiten zitzaigun bitartean.

Joan zaigu Nerea, eta harekin batera gaixotasuna duintasun osoz aurrera eraman duen eredu bat. Joan badoa, eta doan lekura doala entzun ditzala Goikoplaza aldetik urtean behin bederen entzuten zituen herrikideen txaloak. Aitortza eta omenaldi modukoa baitzen herrikideek Nereari eta familiari egiten ziotena.

Gugan bego.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!