Covid19 | Datuak egunez egun

Izango bada, lehenbailehen izan dadila

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2021ko aza. 27a, 10:56

Azaroaren 23ko prentsa-oharrak zioenez, “Eusko Jaurlaritzaren ustez, ospitale-presioa, zehazki, zainketa intentsiboetako unitateen okupazioak 50 ohe baino gehiago okupatzen baditu, eta horri gainerako adierazleen joera negatiboa gehitzen bazaio, osasun-larrialdia dekretatzea aztertu beharko da”.

Eta, tira, kontuak ateratzen hasi gara. Azaroaren 24an 36 lagun zeuden UCI-ZIU zainketa berezien unitatean, eta 179 lagun ospitale-sarean ingresatuta. Hamar egun atzera, azaroaren 14an, 30 lagun zeuden UCI-ZIUtan eta 114 lagun ospitalean. Hamar eguneko epean %20 igo da zainketa berezien unitateko okupazioa. Eta ospitaleetakoa, aldiz, %57.

Datu konparazio sinple bat da, ez du zertan hain mimetikoa izan behar. Ez da izango, gainera. Ziurrenik zainketa berezien unitatea azkarrago hasiko baita betetzen. Baina pandemiaren aro honetara iritsita, argi ikusten da ospitaleratzeen kopurua askoz handiagoa dela zainketa berezien unitatean amaitzen dutenena baino. Nolabait esanda, kezkagarria dela pandemia baina ez dirudi lehen bezain hilkorra edo arriskutsua denik. Hobe, horrela.

Kalkuluak egiten hasita, ordea, 36tik 50eko kopurura iritsiko bagina UCI-ZIUtan, logika horren araberan ospitaleratze kopurua zein litzateke? 300dik gora lagunekoa, adibidez?

Zer iradokitzen ari dira Osasun Sailetik, ospitaleak bete arte ez dutela ekimenik hartuko? Neurriak hartzen hasteko Osasun arloko langilegoa hainbesteraino tentsionatu behar al da?

Olatu berria, seigarrena, gorantz doa. Ez dakigu zer pentsatzen duten osasun arloko langileek. Haien tokian jarrita, nahiago genuke neurriak lehenago hartzea. Gerta daitekeen zerbaiten aurrean zergatik ez ote diren neurriak lehenago hartzen. Hortxe gure galdera, azaroaren 26ra iritsita.

 

 

GARAIZ. BEHAR DEN LEKUAN

Grafikoan ikus daitekeenez, intzidentzia-tasa orokorra eta batez ere 80 urte baino gehiagokoen intzidentzia-tasa igo ahala, ospitaleratzeak handitzen doaz. Hauekin batera, ZIUtan ospitaleratuak igoko dira.

Zaila da iragartzea noiz zehazki gaindituko dugun ZIUtan 50 ospitaleratuen langa, baina garbi dago nahiko laster izango dela. Osasun-larrialdia berriro ezarri behar badute, eta horrekin neurri murriztatzaileak, ez dugu ulertzen zergatik ez duten lehenbailehen egiten, heriotz kopurua handitzen hasi aurretik. Ez dugu ulertzen ere horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko adierazle orokorra erabiltzea, Gipuzkoako egoera nabarmen okerragoa izanik.

Izango bada, lehenbailehen izan dadila. Behar den lekuan.

 

__

Urko Vallejo-rekin (C-19 Analisia) elkarlanean idatzitako iritzi artikulua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!