Izan hadi basquemoderno, Aiurri

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2018ko urt. 15a, 01:00

Amaitu berri dugu urtea eta, berarekin batera, euskal liturgiaren baitan lau urtez behin BECen ospatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusia. BEC? Zer da BEC? Bilbao Exhibition Centre omen. Eta kalean nenbilela, hara non ikusi dudan BLH, Basque Label Harategiak. Euskadi Irratian berriz, Basque Retiros entzun dut, “Vacaciones saludables con Label Vasco” omen direnak beraien gaztelania garbian. Edo Alzola Basque Water delakoa. Basque guztiak.

Basque. Honi buruz galde egin diot Google guztiz jakintsuari. Hara: Basque Culinary Center, Basque Fest Donostia, Basquetour Euskal Agentzia, Basque Cooltour turismoa, Donostiako Basque Center On Cognition, Basque Luxury ostalarien taldea, txirrindularitza munduko Donostiako Basque Country Cycling, Basque Center For Neuroscience, Basque Adventure, Bidassoa Basque Brewery, Basque Ecodesign Center, baita Basque Pilates ere… eta milaka eta milaka oraino, Lertxundiren Altabizkarko bardo zaharrak zioen bezala.

Neure golkoari galdetzen diot zer gertatzen den hemen. Nondik ote dator Basque edo horrelako deitura horien erabilerarako moda. Moda bada behintzat. Globalizazioaren ordain saria izango da. Agian, ordea, hori baino zerbait gehiago ere ote den hausnartzen hasia naiz. Gizartearen aurrean itxura gorde beharraren kontua.

Enpresa batek, erakunde batek bere buruari izena jarri behar dio lehendabizi. Lelo ponpoxoa sortu beharko du nahitaez. Euskal Herrian gaude, euskaldunak gara eta agian euskal izen politen bat aukeratzeko pentsamendua etorriko zaie. Are eta gehiago finantziazio publikotik jaten eta elikatzen den erakunderen bat bada.

Baina aukeratzen den lelo horrek, deiturak modernoa izan beharko du. Eta hor, ai ai ai, arazoak ditugu nonbait. Euskara ez baita modernoa. Euskara Europako hizkuntza zaharrenetakoa baita eta ez gaurkoa, haientzako ez da etorkizuna. Nonbait, haien aburuz Euskarak ez du saltzen. Ez. Euskarak zaharkin itxura ematen dio produktuari.

Baina joder, euskaldunon diruari esker bizi den erakundeak ezingo dio ba gaztelaniazko izena jarri txiringitoari. Ez da politikamente korrekto. Irtenbideren bat aurkitu behar zaio korapiloari. Orduan, ordea, oh-la-la… beste behin ere ingelesetik datorkigu erremedio santua. Erdi Aroko alkimistek hain sutsuki bilatzen aritu ziren harri filosofala aurkitu dugu: BASQUE txertatu izenean. Eta bigarren hitzen bat ere ingelesez jartzea lortuko bagenu, are eta hobeto. Are eta modernoagoa.

Tristea da esatea, baina gure inguruak sarritan, gehienetan erakusten duen euskararekiko konpromisoa estetika hutsera mugatzen da, formak gordetzeko kontua da, ez besterik. Hor geratzen da. Itxura bai,  baina ez diezaiegun ausardia, balorea, adorea, konpromisoa eskatu. Ez.  Bilboko Erakusketa Gunea? Euskal Sukaldaritzaren Eskola? Bai zera. Bilbo Exhibition Centre. Basque Culinary Centre.

Mikel Laboa handiak kantatzen zituen Xalbadorren bertsoak datozkit gogora. Orduan ere euskaldunak ziren, zintzoak eta herria maitatzen zutenak ustean, baina “Gora Euskal Herria” frantsesez zioten. Urepeleko artzainaren frantsesa ingelesa bihurtu zaigu gaur. Xalbadorren mezuaren muinak, ordea, bere gordinean darrai. Tamalez.

Ausart nago eta ez nuke Aiurri aldizkariari aholku txiki bat eman gabe amaitu nahi: izan hadi basquemoderno, Aiurri! Izen zaharra duk hirea, Aita Larramendiren aspaldiko garai hartakoa, prehistoriakoa. Alda ezak izena, hi! Jar ezak, adibidez, BBA, Basque Beterri Aiztondo, edo BASS, Basque Aldizkari Supermodernoa eta Superguai. Eta Eguberrietan, hori bai, Papa Noel.

Basque New Year zoriontsua izan guztiok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!