Han, urrutian, Atxulondo

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2017ko ira. 22a, 02:00

Antzinako industria tradizionalak sortutako ondarearen elementu baliotsu gehienak desagertu zaizkigu. Gutxi batzuk dira nola edo hala gaurdaino irauten jakin dutenak eta horiek gordetzea merezi dute. Gure arbasoengandik heredatu dugun ondarea dira, gaur egun arteko historia, ohiturak nahiz bizitzeko modua ulertzen eta ezagutzen laguntzen digutenak. Horietako bat dugu Zizurkilgo Atxulondo burdinola.

Bai, ez dira bakarrik katedralak edo jauregiak babestu eta zaharberritu beharko liratekeen ondareak. Badira beste batzuek gure herrian, paisaian eta gizartearen bilakaeran eragin handia izan dutenak. Uholde, ekaitz, izozte eta naturaren antzeko erasoen ondorioz nekez zutik dirauten harriak dira Atxulondokoak, nondik gatozen eta nor garen gogoratzen digutenak.   

Atxulondo, edo Arsulondo, agiri zaharretan deitzen zioten bezala, Abalotz errekaren sakanean goialdean dago, Andoainekin eta Zubietarekin ia muga egiten duela eta axola handiko instalazio hidrauliko izan zenaren hondakinak kontserbatzen ditu. Gipuzkoa mailan garrantzitsuenetakoa izan zela diote, sortu zen lehenengoetakoa izateaz gain, eta garai oparoenean 25 bat lagun aritzen omen ziren bertan zuzenean edo zeharka lanetan. Tamalez, oso berri gutxi dugu burdinolari buruzkoa.

Atxulondo burdinola Zizurkilgo ipar-mendebaldean dago, herriko gunetik urrutien dagoen parajean. Galde daiteke nolatan sor zitekeen burdinola ingurune galdu hartan eta erantzun zaila du horrek gaurko ikuspegi modernotik. Tamalez, ordea, Atxulondo burdinola poliki-poliki ezkutatzen joan da Zizurkilgo historiatik eta gaur egun olaren egoera geroz eta ahulagoa da, basoaren erdian galdurik, sasiak ia janda daukala.

Saratxoetako erreka eta bestelako errekastoetatik iristen diren urak biltzeko bi presa eta ur emaria erregulatzeko urtegia, antapara eta beste eraikin batzuen arrastoak kontserbatzen ditu, baina urtetik urtera nabarmen hondatzen ari da.

Atxulondo bezalakoak gure gertuko historiaren parte dira. Baina ezagutzen ez dena ez da maitatzen, ez da baloratzen eta, beraz, ez da zaintzen. Hiri-ondarea oso eskura egoten da eta ondo ezagutzen da, maitatu eta zaindu egiten da. Landa-ondarea berriz,  nekez ezagutzen denez, haren galerak edo desagertzeak inor gutxiri inporta zaio. Gure belaunaldiari dagokio oraindik zutik eta tinko dagoen Atxulondo bezalako ondarea ezagutaraztea, helaraztea, transmititzea.

Gure betebeharra Atxulondo burdinola babestea eta gure seme-alabei ahalik eta egoera hoberenean uztea da, haiek ondareaz gozatu eta bere herriko iragana uler dezaten. Baina Atxulondoren degradazioa eta desagerpena eteteko, ordea, konpromisoa behar da. Zizurkildarron konpromisoa, erakundeen konpromisoa. Konpromisoa, ordea, oso garesti saltzen da, nekez aurkitzen da gaurko gizartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!