Jai dugu euskararekin?

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2016ko ira. 14a, 02:00

Nonbaitera goazenean, han luze egon behar badugu bereziki, leku berri horretara egokitzen saiatzeko ahalegina egiten dugu, zailtasunak zailtasun. Eta aurrenetako kontua hizkuntzarena izaten da, bertako hizkuntza jakitea garrantzitsua eta aberasgarria baita, zoazen herri horretako bizimoduan eta kulturan integratzeko ezinbesteko bide nagusia. Beharrezkoa.

Euskal Herrira iristen diren etorkinak ez dira beste herrialdeetara joaten direnak baino tontoagoak. Ez. Baina Zizurkilera datozen horietatik ia inork ez du euskara itxuraz ikasten. Errua ez da beraiena eta horren zergatia bistakoa da: zoritxarrez, Zizurkilen euskararik gabe primeran molda daitekeela ikusten baitute. Beraz, zertarako ahalegindu? Detaile exotikoa iruditzen zaigu etorkin beltzaran horrek euskarazko bizpahiru hitz ikasten baditu. Hori: agur, kaixo… Baina salbuespenak salbuespen, ikasi-ikasi, benetan ikasi, beltzaranak gaztelania ikasiko du. Eta, egia esango bagenu, geuk erakusten diegu horretarako bidea: geuk, ustez Zizurkilgo %100 abertzale eta euskaldun peto izaki, euskara baztertzen dugulako eta gure jarrerarekin hemen benetan beharrezko espainiera dela frogatzen diegulako etorkinei. Eta Zizurkil esaterakoan ez naiz Elbarrenako Joxe Arregi plazako terrazei buruz soilik ari. Baita eta bereziki Herrigunea dut gogoan, kaskoa, goikoa edo eman nahi diozun izeneko gure komunitate txiki eta polita baina geroz eta erdaldunago, geroz eta ez-euskaldun, geroz eta españolago bihurtzen ari dena.

Gehienetan euskara zokoratzen duten euskaldunek, erdaraz arituz eta arituz, euskaraz egiteko erraztasuna galtzen doaz eta erosoago sentitzen dira gaztelaniaz. Errazago egiten dute españolez.

Euskaraz, berriz, gero eta nekezago. Etxean erdaraz, kalean erdaraz, telebistan erdaraz…. Horrek ez du erremediorik: Zizurkilen edo Txinan, erdaraz hobeki moldatzen denak, erdaraz egingo du. Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago. Egia esan, ingurua ere ez dugu aldeko: UEMAK salatu zuenez, euskaraz soilik hitz egiteko apustua egin duen hainbat kirolari gero eta gutxiago agertzen da ETB2n, edo bat ere ez.

Urteen kontua izango da, baina gero eta ilunago ikusten dut gure hizkuntzaren etorkizuna. Erremedio bakarra euskara benetan eta eguneroko praktikan beharrezko eta derrigorrezko sentitzea litzateke, orain gaztelania nahitaezko dugun pareko. Garbi dago hori, ordea, soilik independentziarekin prestatu eta lor genezakeela. Baina bestela, jai dugu. Euskarak egin du.
Ez dut amaitu nahi Galizian espetxeratuta dagoen Orioko Gregorio gogora ekarri gabe. Une zaila pasatzen ari haizen honetan, besarkadarik handiena hiretzat Zizurkildik, Gregorio. Hik bai sinatuko hukek euskararen aldeko borroka. Ziur.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!