Haizea alde dugu

Erabiltzailearen aurpegia Joxin Azkue 2011ko eka. 29a, 14:25

Lehendabizi, zorionak eman nahi dizkiot BILDUri, Euskal Herria ez ezik, Espainia osoan entzun baita koalizioak eskuratu dituen emaitzen burrunba eta horrek eragin duen lurrikara politikoa. Ahal izan duten bitartean ilegalizazioaren bazterkeria politikoa erabili dute ezker abertzalea jokoz-kanpo uzteko. Hauteskundea joan eta hauteskundea etorri, bere botoa emateko debekua jasan behar  izan  duen euskaldun askoren garaipena dela esan daiteke, inongo zalantzarik gabe. BILDU hainbeste urteetako zapalkuntza politikoaren tubo-eskape bihurtu zaigu. BILDUren bidez herritarren matxinada sortu da eta horrek benetako ordezkaritza politikoa ekarri digu.

Ezker abertzaleak egindako bira estrategikoak eragin handia izan badu ere, horrek bakarrik ez du gertatutako lurrikara politikoa esplikatzen. BILDUk sentsibilitate abertzale desberdinak biltzea lortu du hauteskunde hauetan. Egia da. Hori lorpen handia izan da, haratago joan behar dugu, ordea, gertatutakoa ulertu nahi badugu. Hain zuzen ere, euskal gizartearen zati handi batek politika beste era batera egin nahi izatean datza gakoa, nire ustez behintzat. Euskal herrietan oso begi onez ikusi da ustelkerian nahastu gabeko jendea aurkeztea zerrendetan, esperientzia gabeak baziren ere, politikatik etekinak atera nahi ez zutenak. Horra, nire ustez, BILDUk eragin duen tsunamiaren arrazoi nagusiena: biolentziaren amaiera agintzea eta alkate eta diputatuen pribilegioei uko eginez, instituzioetan gardentasun eta garbitasun sinesgarria eskaintzea. Oso ondo adierazten zuen ideia hau bera Leire Zubeldiak Berriak-en: “…Demokrazia lezioa da zizurkiladarrek boto-kutxetan eman duzuena: herriaren bizkar agintzen aritu denari txanpon berarekin ordainarazi diozue: herriak berak eman dio bizkarra…”  Bai, jasanezina zen udaletxe askotako kiratsa eta leihoak zabaldu eta bentilatzeko premia izugarria zuten.

Orain, euforia-uneak pasata, aurrera begira jarri beharra dago. Bada BILDUren lanerako ezgaitasuna eta ikuspegi instituzionalaren eza aipatzen duenik. Hori geroak esango du, baina bada, bai, inor gutxik zalantzan jarriko ez duena: BILDUren lanerako gaitasuna. Eta bada, bai, non lan egin, ezker abertzaleak ez baitu inoiz hainbesteko indarra izan instituzioetan. Ideien metaketaren indarrari esker, Rafa Diezek etengabe azpimarratu duen bezala: elkarlanean datza gakoa, batuketak eramango baikaitu Euskal Herri aske, subirano eta euskalduna lortzera.

Emaitza hauek udako egun bero horietako garagardo fresko-freskoa dakarkite burura. Freskoa bai, gozagarria ere bai, bere apar eta guzti. Aparra laster joaten da eta, azkenik, benetako garagardoa geratzen zaigu. BILDUren emaitzek, ezin uka, alde egingo duen aparra dute. BILDUren lana garagardo-basoa lanez eta ilusioz etengabe betetzea izango da. Lau urte ditu horretarako.
Esan bezala, elkarlanerako ordua da. Bidelagun berriak eta zaharrak, lanerako ilusioa duen euskal ezkerra batua behar dugu. Konfrontazio armatuaren garaiak gaindituko ditugu eta borroka bide politiko hutsetatik egiteak epe luzerako estrategia goitik behera aldatu du. Euskal Herri aske, subirano eta euskaldunerako urrats handiak emateko aukera historikoaren atea ireki zaigu, parez-pare, begien aurrean.

Bai, ametsak amets, haizea alde dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!