Zuek bai opari!

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Rodriguez-Ranz 2008ko abe. 2a, 17:41

Krisia dela eta, azken aldi honetan denok hasi omen gara kalkuluak egiten zenbat gastatu zertan; modu bereziz begiratzen diegu produktuen prezioei, ea zenbat aurreztuko dugun bata ala bestea aukeratzen badugu; astebukaeratako afariak hobe elkarte batean jatetxean baino, merkeago aterako zaizkigu eta; komertzianteak beldurrez, agian Gabon jaiek behar duten glamourra ez dutela izango kaleko argi kopurua murrizten badugu, eta salmentak ere urrituko dira; eta noski, erne eskuzabaltasun horrekin, azkenean pixkat handik eta pixkat hemendik...

Baina diruaz gain denok dugu askoz gehiago balio duen ondasun zoragarria: denbora. 24 ordu egunean denentzat, haur nahiz helduentzat, pobre nahiz aberatsentzat, gizon nahiz emakumeentzat, baita udaberri eta negu gorrian ere. Lana, ikasketak, eta horrelako betebeharrez at, geratzen zaizkigun ordu horiek gutxi iruditzen zaizkigu deskonektatzeko eta ondo pasatzeko, buruari eta gorputzari lasaitua emateko.  Olgeta-denbora luzatzeko, egunari 24 ordu baino gehiago eskatuko genioke.

Bada, krisi eta denbora falta garai honetan, Andoainen badugu datu zoragarri bat nabarmentzeko eta txalotzeko:  gazte ugari, astero-astero, prest daude bere denboratik ordu batzuk dohain eskaintzeko, herriko neska-mutilek bere aisialdian disfruta dezaten.  Nik gaur hemen egunez-egun ikusi eta txunditzen nauten bi arlotakoak aipatu nahi ditut: eskola-kiroletan konprometituta dauden dozenaka entrenatzaile, umeen algara, ilusio eta nekeen kudeatzaile trebeak.  Eta baita Izartxo aisialdian dauden beste hainbeste lagun horiek, haurrekin jolastu, abestu, ospatu egiten dutenean, hezbide eredugarria lantzen ari direlako, pertsonak eta herria biziago sortzen ari direlako.
Besteentzat urte osoko opari zareten gazte eskuzabalei zorionak eta mila esker!

2008/12/5

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!