Goxatzeko errezetak

Maddi Etxeberriaren errege-opil errezeta, garai hauetarako oso egokia

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2020ko abe. 25a, 18:02

Larrauldarrak gabonetara egokitutako errezeta bikaina egiten erakutsi digu; errege opila, dieta beganora moldatuta.

Osagaiak:

  • 350 gramo irin integral
  • 190 ml soja esne (giro-tenperaturan)
  • Limoi erdiren azal birrindua
  • Laranja baten azal birrindua
  • Azahar aroma koilarakada bat
  • Koilarakadatxo bat kanela hauts
  • 50 gramo oliba olio
  • 25 gramo legami fresko
  • 60 gramo gozagarri (azukrea edo bestelakoa)
  • Almendra xehetua (apaintzeko)
  • 20 ml almibar, soja esne edo olio (aukeran)

Nola egin:

  1. Ontzi batean, ondo nahastu irina, limoi eta laranja azalak, kanela, gozagarria eta azahar aroma.
  2. Beste alde batetik, legamia esnetan disolbatu.
  3. Legamia ondo disolbatu denean, oliba olioa erantsi.
  4. Nahasketa solido eta likidoak ontzi batean elkartu eta ondo nahastu ostean, hamar minutuz oratu.
  5. Masa, oihal batekin estali ostean, ordubetez fermentatzen utzi (denbora honetan masa dezente haziko da).
  6. Berriro ere oratu ostean opil forma eman eta labeko erretiluan jarri, beste orduerdiz fermentatzen uzteko (etxean hotza egiten badu, labea 30-35ºC-tan piztu daiteke eta bertan fermentatu).
  7. Labea berotzen jarri 200ºC-tan eta bitartean opila apainduko dugu (nire kasuan soja esne apur batekin busti nuen goitik almendrak ondo itsasteko).
  8. Labea 180ºC-tara jaitsi eta 25-30 minutuz labekatu.
  9. Hozten utzi ostean, erditik ireki eta bete dezakegu: nata, txokolate krema, sagar-konpota…
  10. Ez ahaztu baba ezkutatzeaz!
  11. On egin!

Gabonak ate-joka ditugun honetan, ezin nuen errege-opilaren errezeta jarri gabe geratu. Ziur naiz askok nahiago duzuela konfidantzazko okindegian erosi; edo amonak egiten duela; edo zuek, aspaldi erositako liburu bateko errezetarekin. Baina gaurkoan irin integralarekin egindako errege-opila ekarri dut zuengana, zereal integralen garrantzia azpimarratu nahiko nukeelako urtea amaitu aurretik.

Zereal batek, hiru atal ditu: germena, endosperma eta zahia. Endospermoa da handiena, eta nagusiki almidoiak osatzen du; hau da, karbohidrato konplexuek. Alearen %83a osatzen du, gutxi gora behera, eta gorputzari energia emateaz arduratzen da. Germenak, berriz, alearen pisuaren %3a osatzen du, baina bereziki aberatsa da bitamina eta mineraletan; besteak beste E bitaminan edo potasioan. Azkenik, zahia daukagu, alearen pisuaren %14a osatzen duena, eta zuntza da, nagusiki; baina hau ere aberatsa da hainbat bitamina eta mineraletan. Zuntza izateak, beraz, gure digestioak erraztuko ditu; gaur egun oso ohikoa bihurtu delarik olo edo gari zahia erostea komunera joateko arazoak dituen jendeak.

Zereal integralek, aurreko atalean azaldutako hiru zatiak dituzte; beraz, nutrizionalki osoagoa eta interesgarriagoa den produktu bat daukagu. Zereal finduek, aldiz, endospermoa bakarrik izan ohi dute, normalean, eta beraz, bidean zuntza eta mikronutriente ugari galtzen dira; zereal finduen ehuneko ia guztia almidoia bilakatzen delarik. Hori dela eta, oso interesgarria da zereal integralen kontsumoa. Batetik, xurgapena mantsoagoa izanez, indize gluzemiko baxuagoa lortuko dugu; eta puntu honetan zereal integralak bereziki interesgarriak bihuko dira diabetesa duten pertsonen kontsumoan. Baina orokorrean, gutxiago prozesatutako elikagai bat izanik, onuragarriak dira guztiontzat. Beraz, oraindik zereal integralei aukera bat eman ez diozuen pertsonak, prest zuen sukaldea txoko bat egiteko?

Amaitzeko, eztabaida gai bat proposatu nahi dut: fruta azukreztatuak. Zergatik jarraitzen duten fruta hauek errege-opiletan inori gustatzen ez bazaizkio? Egia da kolorea ematen diotela eta nahi duzuen guztia, baina… Bada horrelarik jaten duen inor? Nik ez dut ezagutzen. Nik gorroto ditut fruta azukreztatuak eta horregatik ez dizkiot errege-opilari jarri. Hau irakurtzen duen norbaiti gustatuz gero, jarri ditzake, noski! Baina kontuan izan gainean jartzeko milaka aukera ditugula; nik bezala fruitu lehorrak (osorik, zatituta, xerretan…), fruta naturala, mermelada… Atera zaitezte betikotik, eman aukera beste osagai batzuei!

Sukaldatu; maitasunetik eta maitasunez. Baina janaria ez dadila maitasuna emateko modu bakarra izan! Gabon zoriontsuak eta urte berri on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!