Santa Agedako kantu erronda

Erabiltzailearen aurpegia Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2019ko urt. 24a, 10:13

Azken hogeita sei urteetan bezala, aurten ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunak otsailaren 4an Santa Ageda bezperako erronda antolatuko du, herriko beste elkarte, ikastetxe eta talderen partaidetzarekin.

Andoaingo kaleetan barrena itzulia egingo duen erronda arratsaldeko seietan irtengo da (18:00) Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren paretik, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizeetara ipini ondoren.

Jarraian, herriko kaleetan barrena ibiliko dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko otso beltzarenak ere. Zortzi eta erdietan inguru eman ohi diote amaiera errondari. Aurten, gainera, ohiko ibilbidean aldaketak egingo dituzte, Kale Berria alde batera utzita ibiliko baitira eta Olagain auzunera itzuliko dira, besteak beste.

Santa Ageda bezpera iritsi aurretik parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzeko aukera izango dute, Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean. Aurten, ahotsak, kantak eta soinuak prestatzeko saio bakarra egingo da: urtarrilaren 30ean izango da, asteazkenarekin, iluntzeko zortzietan (20:00) hasita, Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian.

Larramendi Bazkunetik adierazi digute edozein herritarrek parte har dezakeela errondan, tradizioak agintzen duen bezala jaztea eta kantatzea dela jartzen diren bi baldintza bakarrak, eta ahal dela –hori bai– entsegura bertaratzea.

Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Berrozpeko Ontza Elkartean izena aurretik ematen dutenek. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 30ean izango da, entseguan bertan. Otsailaren 4an ezin da izenik eman afaritara joateko. Santa Yageda, Yageda… bihar da Santa Yageda…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!